Gizartea -
BIZKAIA
Gizon bat atxilotu dute Santurtzin lagun bat arma zuri batekin erasotzeagatik
Gertakaria 19:10ean izan zen kostaldeko udalerriko Balparda auzoan. Ustezko erasotzailea 64 urteko gizon bat da, polizia-aurrekariak dituena.
EITB.EUS
Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu zuten atzo Santurtzin (Bizkaia), hilketa saiakera bat egotzita, lagun bati labana batekin eraso egin ostean. Biktimak hainbat zauri izan zituen gorputzean, eta anbulantzia batek ospitalera eraman behar izan zuen. Bien arteko eztabaida sutsu baten ondorioz gertatu zen ezbeharra.
Gertakaria 19:10ean izan zen, Santurtzin (Bizkaia). Dei batek Ertzaintzari jakinarazi zion gizon batek beste bati arma zuri batekin eraso egin ziola kostaldeko udalerriko Balparda auzoan.
Ertzaintzako hainbat agente bertaratu ziren, eta Santurtziko Udaltzaingoaren patruila bat ikusi zuten ustezko erasotzailearekin hitz egiten. Erasotzaileak odol-arrastoak zituen arropan. Agenteek biktima ere ikusi zuten, gorputzeko hainbat tokitan arma zuriz egindako zaurietatik odola zeriola.
Ertzainek osasun-langileen laguntza eskatu zuten biktima artatzeko, eta Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zuten, zauri larriak baitzituen. Hainbat lekukoren adierazpenak jaso ondoren, erasoaren ustezko egilea atxilotu zuten. 64 urteko gizon bat da, polizia-aurrekariak dituena, eta giza hilketaren saiakera-delitu bat egotzi diote. Lekukoen arabera, atxilotuak labana batekin eraso zion biktimari, harekin eztabaida estua izan ondoren, adiskidetasun harreman gatazkatsua baitzuen.
Atxilotzeko unean, atxilotuak estilete motako labana bat zeraman, eta bere autoaren barruan matxete bat ere aurkitu zuten.
Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten beharrezko polizia-eginbideak egiteko. Horiek amaitutakoan, epailearen esku utziko dute datozen orduetan.