Gizartea -

Proiektua geldiarazi

Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du bidesaririk jarriko Etxegaraten

Erabaki hori Batzar Nagusiek hartu behar dute, eta Etxegaratek bidesaririk gabe jarrai dezan gehiengo nahikoa lortzea espero duela esan du Aldundiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astearte honetan jakinarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du kamioientzat bidesaririk jarriko N-I errepidean, Etxegarate gainean, aurreko gobernuak (EAJ) egin nahi zuen moduan.

Egun Bilduk gidatzen duen foru erakundeak gaur egin du iragarpen hori, Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuko foru diputatua, Larraitz Ugarte, atzo Hiru garraiolari sindikatuko ordezkariekin bildu eta Etxegaraten bidesaririk ez jartzeko konpromisoaren berri eman ondoren.

Bildu ordainsaria jartzearen kontrakoa dela esan zuen joan den astean Ugartek, baina ez zuen erabat baztertu, auzi hori aztertu behar zutelako.

Foru Aldundiak Bidegi Gipuzkoako autobideak eraikitzen dituen erakunde publikoaren finantza egoera eta zorra aztertu ondoren gaur jakitera eman duenez, Bilduk hauteskundeetan hartutako konpromisoari eutsiko dio eta, ondorioz, Etxegaraten ez da ordainsaririk ezarriko.

Aurreko Gobernuak (disuasio neurri gisa) bidesaria kobratu nahi zien N-I errepidea erabiltzen zuten kamioi gidariei, ibilgailu astunen trafikoa AP-1 errepidera bideratzeko, besteak beste.

Bilduk adierazi duenez, baina, erabaki hori Batzar Nagusiek hartu behar dute, eta "proiektu hori geldiarazi eta Etxegaratek, orain arte bezala, bidesaririk gabe jarrai dezan" gehiengo nahikoa lortzea espero duela gaineratu du.

Horretarako, koalizio abertzaleak Aralarren laguntza izango du, eta, hasiera batean, PPrena ere bai, Gipuzkoan ordainsari gehiago ezartzeko aukera ematen duen foru araua indargabetzeko eskatu baitu.

Aldundiak batzar gehiago egingo ditu errepide bidezko garraioarekin zerikusia duten talde eta erakundeekin. Dagoeneko hitzorduak ditu Guitrans patronalarekin, A-8 Doan plataformarekin eta hainbat udaletako ordezkariekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea