Gizartea -

Koronabirusa

Ordiziak neurriekin jarraituko du, eta probak egingo dizkie kiroldegiko langileei

10 eguneko berrogeialdia daramaten PCR negatiboei bigarren proba egiten hasiko dira asteartetik aurrera.

Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, hauteskunde egunean. Argazkia: Efe
Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, hauteskunde egunean. Argazkia: Efe
Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, hauteskunde egunean. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ordiziako Udalak azaldu duenez, ezohiko neurriekin jarraituko du joan den astean Gipuzkoako udalerrian antzemandako COVID-19 agerraldia dela eta. Gainera, Majori kiroldegiko langile guztiei PCR probak egingo dizkietela iragarri du, eta horien guztien emaitza negatiboa baieztatu ondoren irekiko dutela zentroa.

Udalak ohar baten bidez gogorarazi du azken astean hainbat neurri hartu dituela "herritarren segurtasuna bermatzeko eta birusaren hedapena saihesteko" helburuarekin. Besteak beste, eraikin publiko guztiak itxita daude, Majori kiroldegia, haurrentzako parkeak eta liburutegia, esaterako.

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak eta Maitane Alvarez alkateordeak jarraipen mahaian parte hartu dute gaur. Ibarra, Alegi, Tolosa eta Leaburu-Txaramako ordezkariak ere bertan izan dira, Osasun eta Segurtasun sailetako eta Osakidetzako ordezkariekin batera.

Ordiziarrentzat PCR probak egiteko karpa bereziek aste honetan ere bertan jarraituko dutela azaldu du Udalak. Astearte honetatik aurrera, 10 eguneko berrogeialdiko PCR negatiboen bigarren proba egiten hasiko dira. Bestalde, Ordiziarako bereziki jarritako aginduak beste aste batez jarraituko du. Hau da, ostalaritzari dagokion murrizketa eta maskararen erabileraren derrigortasuna.

Normaltasuna berreskuratu

Ordiziako ordezkariei "normaltasuna berreskuratzeko" gomendatu die Segurtasun Sailak, beti ere segurtasun neurriak jarraituz. Ordiziako Udalak bere erabakiak “modu arduratsuan” hartuko dituela jakinarazi du, "herritarren zaintza eta osasuna lehenetsiz".

Horren harira, asteazkenean azoka egingo dute, nahiz eta neurri bereziak ezarriko dituzten. Arropa saltzaileak, adibidez, ez dira bertara joango, eta antolaketa ezberdina izango da. Plaza barruan, Barrenan, Zuhaiztian eta frontoi txikiaren parean azokako postuak jarriko dituzte, guztiak itxitako guneetan. Sarrera-kontrola egongo da, eta edukiera ere uneoro kontrolatuko da. Postu bakoitzaren aurrean lurra zintekin markatuko da, distantziak eta espazioak bereizteko.

Majori Kiroldegiari dagokionez, PCR proba egingo zaie langile guztiei. Horien guztien emaitzak negatiboak baieztatu arte ez da berriro normaltasunez zabalduko. Asteazken goizerako espero da emaitza guztiak izatea.

Agerraldiaren bilakaera ikusteko "aste hau funtsezkoa" izango dela uste du Ezenarrok, eta Udala “normaltasuna pixkanaka nola berreskuratu” aztertzen ari dela adierazi du. Horrez gain, Ordiziako herritarrei herriko merkataritzari laguntzeko eta segurtasun neurriak betetzeko eskatu die.

Hauteskundeak

Hauteskunde egunari dagokionez, "Normaltasun osoz, istilurik gabe, jende pilaketarik gabe" igaro zela adierazi du alkateak, eta horregatik balorazio "oso positiboa" egin du. Haren ustez, herriko parte-hartze datuek "islatzen dute aurreko egunetako mezuek eta p antolatu zen azpiegiturak funtzionatu egin zuela, abstentzioa nagusi izan den hauteskunde batzuetan".

Ezenarrok esker ona agertu du "botoa emateko eskubidea erabiltzera hurbildu zirenen jarreragatik". "Alkate gisa poztasun handiena da zuk bezala pentsatzen eta bozkatzen ez duen jendea gerturatu eta egindako ahalegina eskertzea. Gure helburu bakarra Ordiziako pertsona guztiak babestea eta zaintzea izan da ", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Ordizia Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Kiroldegiak gaur