Gizartea -

Koronabirusa

Torrak erabaki judiziala gaitzetsi du eta Lleidarako dekretua onartu dute

Epaitegi batek Generalitateak Segriarako ezarritako konfinamendua ukatu du. Illak osasun-agintarien gomendioei kasu egitea eskatu du, baina zenbait udalerrik ez dute konfinamendu hori ezarri.

Quim Torra, astelehen honetan. Argazkia: EFE.
Quim Torra, astelehen honetan
Quim Torra, astelehen honetan. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Torra Generalitateko presidenteak iragarri du lege-dekretua onartu dutela, Lleidako Segriakoa bezalako berragertzeei aurre egiteko plan bat zehaztea helburu; hain zuzen ere, eskualdean ezarritako konfinamendu-neurriak "indartu eta handitzea" da Kataluniako Gobernuaren asmoa, nahiz eta Lleidako 1. Instrukzioko Epaitegiak ez dituen berretsi neurri horiek. Dekretua asteleheneko azken orduan onartu dute.

Pere Aragones presidenteorde eta Ekonomia kontseilariarekin batera emandako prentsaurrekoan, Torrak erabaki judiziala gaitzetsi du: "Ez gaude ados. Ez dugu onartzen. Ondorioak geure gain hartuko ditugu, baina ezin dut herritarren osasuna arriskuan jarri".

Torraren hitzetan, Kataluniako Gobernuak onartutako erabakiak ezin dira geldirik geratu epaitegietan, eskumen-gatazka baten ondorioz; hori dela eta, koronabirusari aurre egitea eta Kataluniako Gobernuaren jarraibideak kontuan izatea eskatu die Segriako herritarrei, ez epaitegiaren jarraibideak, "euren onerako" baita.

Ezohiko bilera batean onartuko duten lege-dekretuaren bidez, Segrian ezarritako neurriak indartu dituzte, ebazpen judiziala gainditzeko; neurri horiek indarrean jarraitzen dute, Generalitatearen iritziz.

Torrak nabarmendu du ez dutela inolako presiorik onartuko, eta euren ustez beharrezkoak diren erabakiak hartzen jarraituko dutela, epidemiologia-irizpideak eta adituen irizpideak kontuan izanik: "Beste leku batzuetan, horrela egin dute, eta neurri zorrotzagoak ere hartu dituzte; adibidez, Euskadin eta Galizian boto-eskubidea saihestu dute, eta ez da oztoporik izan".

"Kataluniako Gobernuak beti hartu izan du aurrea herritarrentzat gure iritziz beharrezkoak ziren neurriak hartzeko", azpimarratu du; gogora ekarri duenez, bere garaian konfinamendua dekretatu zuten, eta Estatuak, aldiz, 20 egun geroago agindu zuen.

"Konfinamendu zorrotza egin behar dela uste badugu, ezarriko dugu. Orain, Segrian, aurreko fasean gaude, hain zuzen", ohartarazi du Torrak. "Ez dut ulertzen herritarren osasunaren mesederako neurriek oztopo burokratikorik izatea", gehitu du.

Aragones presidenteordeari balizko alarma-egoera partzial baten gainean galdetuta, baztertu egin du, Kataluniak badituelako egoera kudeatzeko beste baliabide batzuk: "Ez dugu inolako arrazoirik norabide horretan aurrera egiteko".

Espainiako Gobernuak Kataluniako osasun-agintarien gomendioei jarraitzea eskatu die Lleidako herritarrei

Espainiako Gobernuko Osasun ministro Salvador Illak Kataluniako osasun-agintarien gomendioei jarraitzea eskatu die Lleidako eta Segriako zazpi udalerrietako herritarrei. Gogora ekarri duenez, autonomia-erkidegoak du zeregin nagusia koronabirusaren hedapenari aurre egiteko.

"Eztabaida juridikoan ez naiz sartuko, baina autonomia-erkidegoek badituzte baliabideak Segriakoa bezalako berragertzea kontrolatzeko, eta jakin badakit horretarako ari direla lanean. Prest gaude laguntzeko, eta, hortaz, Kataluniako agintariekin etengabe ari gara hitz egiten", zehaztu du.

Baix Segriako sei alkatek ez dute Kataluniako Gobernuaren konfinamendua aplikatu

Testuinguru horretan, Manel Ezquerra Alcarrasko alkateak astelehen honetan adierazi duenez, Baix Segriako (Lleida) zazpi udalerrik (Aitona, La Granja d 'Escarp, Massalcoreig, Soses, Seros, Torres de Segre eta Alcarras) ez dituzte neurriak aplikatuko Gobernuak igandean iragarritako etxe konfinamenduaren ondorioz, lege-dekretuaren berri izan arte.

"Alderdi politiko ezberdinetakoak gara, ez doa politikatik, denok batera lan egin behar dugu aurrera egiteko, batu beharra dago. Kataluniako Gobernuarekin batera lan egin nahi dugu, arazotik ateratzeko", adierazi du Alcarrasko alkateak.

Sei alkateek "zehaztasuna" eskatu diete arlo horretako agintari eskudunei, lurraldeak une honetan bizi duen egoera argitzeko, publiko egin diren jarrera kontrajarrien ostean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Espainiako Gobernua argazkiak Espainia bideoak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Medikuntza albisteak Koronabirusa Kataluniako Generalitatea