Gizartea -
NAFARROA
24 urteko gizon bat larri zauritu dute Iruñean, hiru labankada emanda
Asteazken arratsaldean eraso zioten, eta zauritua bere kabuz joan zen Buztintxuriko osasun-zentrora, laguntza eskatzera.
EITB.EUS
Iruñeko Udaltzaingoa 24 urteko gizon batek atzo arratsaldean arma zuriz jasandako ustezko eraso bat ikertzen ari da. Gaztea bere kabuz joan zen Buztintxuriko osasun-zentrora laguntza eskatzera. Hiru labankada zituen saihetsetan, eta larri eraman zuten Nafarroako Ospitale Gunera, anbulantzia medikalizatu batean. Ospitalean ebakuntza egin behar izan zioten.
Udaltzaingoak jakitera eman duenez, 17:30 aldera, gizonezkoa Buztintxuri auzoko osasun-zentrora joan zen, Arrotxapea auzoan erasoa jasan ostean, bere testigantzaren arabera. Ustez arma zuriz egindako eraso baten biktima baten aurrean zeudela jakinarazi zieten osasun-zentroko langileek Iruñeko Udaltzaingoari eta Foruzaingoari.
Gaztea hiru aldiz sastakatu zuten ezkerreko saihetsetan, torax erdian; hori dela eta, osasun-zentroan lehen sendaketak egin ondoren, anbulantzia medikalizatu batean eraman zuten Nafarroako Ospitale Gunera, larri, baina ez hiltzeko arriskuan, Udaltzaingoaren arabera.
Gertatutakoaren berri jasotakoan, Udaltzaingoaren patruilak Arrotxapea auzora joan ziren, lehen ikerketak hasteko, zauritutako gaztearen testigantzari jarraituz. Iturri berberen hitzetan, "oraingoz" ez dute inor atxilotu, eta gertatutakoa argitzeko lanean ari dira, baita erasoaren egilea (edo egileak) identifikatu eta atxilotzeko ere.