Gizartea -
Desagertzea
Laredotik bueltatzean desagertu zen Eibarko gazte baten bila ari dira
Joan den astelehenean itzuli behar zen Eibarrera Kantabriatik. 26 urteko mutilak autobusa hartu zuen Laredon eta Bilboraino joan zen. Bizkaiko hiriburuan galdu zuten haren arrastoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kantabriatik bueltatzean desagertu zen Eibarko gazte baten bila ari dira Ertzaintza eta Guardia Zibila. Joan den astelehenean autobusa hartu zuen Laredon eta Bilboko Termibus geltokira iritsi zela uste dute.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Jon Gallardo Maroto du izena, gaztaina koloreko begiak eta ile beltza ditu. 1,75 metroko altuera eta 65 kilo dauzka.
Uztailaren 13an Colindresen egon zen –Laredo ondoko udalerria-, senide bat bisitatzeko. Egun horretan bertan itzuli behar zen Eibarrera garraio publikoan. Antza, autobusa hartu zuen Laredon eta Bilboko Termibus geltokiraino iritsi zen, baina hor galdu zen bere arrastoa.
Harrezkero, Ertzaintza eta Guardia Zibila gaztearen desagertzea ikertzen ari dira. Segurtasun Sailak laguntza eskatu die herritarrei, informaziorik izanez gero, 112 larrialdi zerbitzura dei dezatela eskatuz.