Gizartea -
COVID-19
Lorategi batek pandemian zehar "galdutakoa eta ikasitakoa" gogoraraziko du Iruñean
Proiektua irailetik aurrera hasiko da gauzatzen, eta ekitaldia orduan egingo dute Nafarroako erakundeek eta buruzagi nagusiek.
Agentzia | Erredakzioa
Koronabirusaren krisian zehar “galdutakoa, eskertutakoa eta ikasitakoa” gogora ekartzeko lorategi bat jarriko dute Nafarroako Ospitale Gunearen zonalde berdean, Iruñean. Omenaldirako eta gogoetarako tokia izango da. 2020an gertatutakoa gogoraraziko du, baita erantzun sozialaren “itxaropen agerraldia” ere.
Herritar talde batek proposatutako ekimena da, baina Nafarroako Gobernuko kontseilariek aurkeztu dute ostiral honetan. Proiektua irailetik aurrera hasiko da gauzatzen, eta ekitaldia orduan egingo dute Foru Erkidegoko erakundeek eta buruzagi nagusiek.
Lorategiak hiru esparru ezberdin izango ditu, landare motaren eta antolaketaren arabera. “Parte hartzeko espazio eroso eta jasangarria” izan nahi du Errenazimentuaren filosofian oinarrituta; izan ere, epe sozial gorabeheratsu baten ondoren etorri zen garai historikoa, baina arlo askotan aurrerapausoak emateko balio izan zuen.
Mikel Baztan Lorezaintza teknikariak, proposamenaren egileen izenean, prentsaurrekoan azaldu duenez, egitasmoa zehazten ari dira oraindik, baina hiru esparru izango dituela argi dute bultzatzaileek. Aurrena “galdutakoari” eskainiko diote, hildako pertsonen omenez, baita ondorioak sufritzen edo sufritu dituzten herritarrak gogorarazteko ere, osasun, enplegu zein etxebizitza arloan izan.
Era berean, “eskertutakoa” azpimarratzeko espazio bat izango du lorategi berriak. “Zutik mantendu gaituzten pertsona eta erakundeak aintzat hartzeko” tokia izan nahi du, hala nola, osasun eta funtsezko zerbitzuak, elikagai zein premiazko ondasunen hornitzaileak edo familiak eta adiskideak, “gure sostengu emozionala izan direlako”.
Azkenik, hirugarren ardatza “ikasitakoaren esparrua” izango da. “Eskarmentuak lehentasun indibidual, kolektibo eta instituzional asko aldatzera eraman behar gaitu” eta etorkizuneko helburuak bultzatzera: “kalitatezko zerbitzu publiko eta osasuna, etxebizitza duina, jasangarritasuna, elikadura-burujabetza, ekonomia zirkularra, lanaren banaketa, bizitzeko denbora gehiago, kontsumismo gutxiago, natura gehiago”, zerrendatu du Baztanek.