Gizartea -
Iragarpena
Tenperaturak behera egiten jarraituko du Zinemaldian
Zinemaldiak hasi zen bezala jarraituko du eta egun lainotsua izango dugu gaur ere, euriarekin batera. Tenperaturak jaitsi egingo dira eta 20 eta 22 gradu artean kokatuko dira.
Erredakzioa
Donostiako Zinemaldian eguraldiak berdintsu jarraituko du. Gaur, larunbata, tenperaturak behera egiten jarraituko du, batez ere barnealdean, Euskalmet euskal meteorologia agentziak esan duenez. Termometroek 25 ºC-ko muga Ebroko bailaran soilik gaindituko dute eta gainontzeko zonaldeetan 20-22 ºC artean mugituko dira. Zerua ia estalita agertuko da kantauri isurialdean eta euri-langarra egingo du, tarteka euria ere bai. Hegoaldera hodeiak iritsiko badira ere, saretuago agertuko dira eta apenas euririk egingo duen. Arratsaldeak aurrera egin ahala, Ebroko bailaran eta Nafarroako beste hainbat txokotan, trumoi-ekaitzak garatu daitezke. Ipar-mendebaldeko haizea zakartuz joango da kostaldean egunaren azken orduetan.
Bihar eguraldia udazkeneko kutsua hartuz joango da. Kantauri isurialdean zerua ilun agertuko da eta euria egingo du, tarteka zaparrada mardulen bat ere bota dezake. Hegoaldean, hodeitza ez da hain trinkoa izango da eta arratsaldean ostarteak irekiko dira. Ipar-mendebaldeko haizeak zakar joko du kostaldean, ufada gogorrekin, eta Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ere bizi ibiliko da. Giroa freskatuz joango da eta nekez gaindituko dute 20 ºC-ko muga termometroek.