Gizartea -
Indarkeria matxista
Hiru emakume labankadaz hil dira, bikoteen erasoen ondorioz
Indarkeria matxistak beste hiru hildako utzi ditu asteburu beltz batean. Tenerifen, Sevillan eta Tarragonan gertatu dira ezbeharak.
Erredakzioa
38 urteko emakume bat Aronan (Tenerifen) hil da, bere senarrak (54 urteko gizonezkoa) emandako labankaden ondorioz, antza.
Biktima Las Rosas auzoan hil da, arma zuri batekin eragindako zaurien ondorioz. Horren senarrak ere arma zuri batez egindako zauriak zituen sabelean eta toraxean, eta ospitalera eraman dute.
Guardia Zibila gertatukoa ikertzen ari da. Oraingoz atxilotu egin du ustezko hiltzailea, hilketa egin izana egotzita.
Bestalde, Lora del Rioko (Sevillako) Guardia Zibilak 44 urteko gizon bat atxilotu du, bart bere bikote ohia hil zuela onartu baitu.
Biktimak (47 urteko emakume bat) salaketa jarri zuen iragan uztailean bikotekide ohiaren kontra, indarkeria matxista egotzita, baina ez zuen urruntzeko agindurik eskatu.
Dirudienez, gizonezkoak atzo 23:00ak aldera hil zuen emakumezkoa, Lora del Rioko tren-geltokian, hainbat labankada emanda.
Gauerdia baino lehen, ustezko hiltzailea Guardia Zibilarengana joan zen hilketaren egilea zela aitortzeko.
Azkenik, beste hirugarren emakume bat hil da igandean Ampostan (Tarragonan). Ustez bere bikoteak hil du.
Hildakoa senitarteko baten etxean aurkitu dute, pasa den ostegunetik desagertuta egon ostean. Erosketak egitera atera zen emakumea eta ez zen gehiago bueltatu. Guardia Zibilak bere senarra atxilotu du ustezko hiltzaile moduan.
Biktimen arreta zerbitzua: 900 840 111
Genero indarkeria: 016