Gizartea -
Koronabirusa
Torrak ohartarazi du "egoera kritikoegia" dela, eta arduraz jokatzea eskatu du
Kataluniako presidenteak zehaztu du kutsatuen batez besteko adina 60 urtetik 37ra jaitsi dela, eta horregatik esfortzu berezia eskatu die gazteei.
agentziak | erredakzioa
Quim Torra Generalitateko presidenteak ohartarazi du "egoera kritikoegia dela garrantzirik ez emateko", eta herritar guztien ardura eskatu du aurreko egunetako iluntasunera eta ezinegonera ez itzultzeko.
"Egoera oso kezkagarria da", azaldu du Torrak prentsaurrekoan, eta Kataluniak udako hamar egun garrantzitsuenei aurre egin beharko diela ohartarazi du; izan ere, egun horietan, beharrezkoa da erantzukizuna, elkartasuna eta lankidetza, batez ere gazteen aldetik, egoera zuzentzeko eta inork nahi ez dituen neurriak saihesteko, bere hitzetan.
Presidenteak ohartarazi duenez, ez luke horrelako deialdirik egingo "egoera kritikoa ez balitz eta datuen bilakaera oso kezkagarria ez balitz"; izan ere, kasuen gorakada etengabea izan da: 5.487 kasu izan dira azken astean, eta 3.485, aurrekoan.
Uztailaren 20ko astean, Katalunia ZIUn 57 covid-19dun paziente izatetik 75 izatera igaro da, "pandemiaren unerik txarrenean erregistratu ziren 1.500 gaixoetatik oso urrun", baina uztailaren 1ean erregistratutako 49 paziente baino gehiago; era berean, PCR frogak asteko 42.000tik 62.000 testera igo dira azken zazpi egunetan.
Egoera kritiko horrek Lehen Mailako Arretan eragin handia duela ohartarazi du, eta pertzepzio horren aurrean Torrak alerta mezu bat plazaratu du martxoko egoerara itzultzea saihesteko: "Aurtengo martxoko atarian gaude. Denok dakigu zer gertatu zen".
37,5 urte, batez beste
Kutsatutakoen batez besteko adina 60 urtetik 37,5 urtera jaitsi dela zehaztu du, nahiz eta azken egunetan gora egin duen, eta pneumoniadunen kopurua (kasuen larritasunaren adierazle bat), berriz, baxu mantentzen dela. Bereziki gazteei zuzendu zaie: "Gaur egun kale-zurruta ez da festa bat, elkartasunik gabeko ekintza bat da".
Hori dela eta, Barne Kontseilaritzari eta Kataluniako alkateei, hirietakoei bereziki, zorroztasunez eta bizkortasunez jokatzeko eskatu die, gaueko aisialdiaren debekuak jaiaren zati bat kale, plaza eta hondartzetara eraman dituzte eta.
Beharrezkoak diren erabakiak hartuko dituela ohartarazi du, pultsuak dardara egin gabe eta herritarren babesari dagokionez inolako presiorik eta lobbyek menderatu gabe, eta herritar guztien laguntza eskatu du: "Ez dut 7.000 hildako izan nahi berriro mahai gainean. Gure esku dagoena egingo dugu, berriro gerta ez dadin".
Kaltetu gehienak gazteak direla esan du, ondoren gurasoak bisitatzen dituztela, eta gurasoak aitona-amonak ikustera joaten direla: "Transmisio hori gelditu egin behar da".
Turismoa "segurua" da
Halaber, Torrak, ingelesezko hitz batzuetan, aldarrikatu du Katalunia helmuga turistiko arduratsua dela, koronabirusaren aurkako borrokan nazioarteko gomendioei jarraitzen diena, eta gaineratu du agerraldiak dituzten eremuak izan ezik – Segria (Lleida), Figueres (Girona) eta Barcelona--, gainerakoan gaitzak "ez duela eraginik eta segurua dela".
"Hiru eremu horietatik kanpo, Costa Bravan, Costa Dauradan, barnealdean eta Kataluniako Pirinioetan ez dago horren eraginik", aldarrikatu du Torrak, eta sektore turistikoak bisitariei irtenbide seguruak emateko egiten duen ahalegina nabarmendu du Frantziako Gobernuak bertako herritarrei Kataluniara ez bidaiatzea gomendatu ostean.