Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
Osakidetzako langileei gripearen aurkako txertoa hartzeko eskatu diete
Gripearen aurkako txertaketa kanpaina gaur hasi da eta urria amaitu arte iraungo du. Osakidetzak 420.000 dosi prest ditu, eta 2 milioi euro bideratuko ditu aurtengo kanpainan.
Erredakzioa
Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak osasun alorrean dauden langileei gripearen aurkako txertoa hartzeko eskatu du, Euskal Autonomia Erkidegoan "oso tasa baxua" dutelako (langileen % 23k hartu zuen iaz, eta aurreko urtean % 46ak).
Gripearen aurkako txertaketa kanpaina gaur hasi da eta urria amaitu arte iraungo du. Osakidetzak 420.000 dosi prest ditu, eta 2 milioi euro bideratuko ditu aurtengo kanpainan.
Kanpaina aurkezteko agerraldian, Bengoak azpimarratu du osasun alorreko langileen artean oso baxua dela txertoa hartzen dutenen kopurua, eta datu hau igotzea "beharrezkoa" dela esan du, kutsaketa saihesteko.
Osakidetzako profesionalen % 23k besterik ez zuen gripearen aurkako txertoa hartu iaz. Bengoaren hitzetan, datu hori "onartezina da", txertoa hartzen duten profesional askok gaixo ugari kutsatu dezaketelako. Sailburuaren ustez, "segurtasun kliniko" kontua da.
Gaineratu duenez, AEBetako eta Australiako langileak txertoa hartzera behartuta daude. Bengoak nabarmendu du Euskal Autonomia Erkidegoan ez dela horrelako neurririk hartuko, baina datua hobetu nahi dutela.
Gripearen aurkako kanpainaren beste helburu garrantzitsu bat 65 urte baino gehiago duen herritargoaren % 65ri txertoa ematea izango da (% 95 egoitzetan bizi direnen eta gaixo kroniko direnen kasuan). Haurdun dauden emakumeen artean ere txertoa hartzen dutenen tasa hobetu nahi du Jaurlaritzak.