Gizartea -

Marihuana landaketa

Ertzaintzak marihuana sail bat desegin du Ondarroan

Kilo bat haxix, lau arma, marihuana kukulu izoztuak eta 3.500 euro aurkitu zituzten ertzainek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu zituen joan den ostiralean Ondarroan (Bizkaia). Marihuana landatzea eta biltzea egotzi diete, eta haietako bati, gainera, txabola batean gordeta zituen kilo bat haxix, dirua eta lau arma atzeman dizkiote, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Joan den ostiralean, goizeko 11:30 aldera, herritarren segurtasuna zaintzeko lanak egiten ari zen Ertzaintzaren patruila bateko agenteek marihuana usain handia sumatu zuten Ondarroako Errenteria auzoko landa bateko hondakinen artean.

Agenteak ingurua arakatu zuten eta hainbat marihuana landare aurkitu zituzten hondakinen artean ezkutatuta. Han zegoen pertsona batek marihuana landareak bereak zirela onartu zuen.

Jarraian, agenteek ingurua sakonago miatu zuten eta hainbat txabola aurkitu zituzten. Horietan, landare gehiago eta landareak lehortzeko materiala aurkitu zituzten. Gainera, zehaztasun handiko balantzak eta gai estupefazienteak zigilatzeko aparatu bat ere topatu zituzten.

Lau arma ere antzeman zituzten (bi pistola, aire konprimituko bi eskopeta), eta hainbat munizio, kutxa gotor batean gordeta. Bi hozkailu ere miatu zituzten eta barruan kilo bat speed (hainbat poltsatxotan banatua), eta marihuana landare eta kukulu izoztuak zeudela ikusi zuten; 3.500 euro ere eskuratu zituzten agenteek, 50 euroko billeteetan.

Lur sailaren jabea atxilotu egin zuten, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita. Atxilotuak agenteei laguntzeko asmoa izan zuen uneoro eta hango landare eta substantzia guztiak bereak zirela aitortu zien.

43 eta 47 urteko atxilotuak atzo goizean jarri zituzten epailearen esku, eta honek epaiketa egin arte biak aske uzteko agindua eman zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea