Gizartea -
Azpiegiturak
Bizkaia Zubia berriro inauguratu dute birmoldatu ostean
Bi milioi euroko inbertsioa egin dute birmoldaketa lanetan. "Euskadi ez da sekula atzean geratu, azpiegitura hau horren adibide da", esan du Jose Blanco Sustapen ministroak.
Erredakzioa
Birmoldaketa amaituta eta ia bi milioi euroko inbertsio baten ostean, Bizkaia Zubi berria inauguratu dute erakundeetako ordezkariek. Besteak beste, Jose Blanco Sustapen ministroa, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Blanca Urgell Kultura sailburua, Imanol Landa Getxoko alkatea eta Mikel Torres Portugaleteko alkatea bertan izan dira. Getxo eta Portugalete berriz lotu ditu Bizkaiko Zubiak.
"Euskadi ez da sekula atzean geratu, eta ez da inoiz atzean geratuko", adierazi du Jose Blanco Sustapen ministroak inagurazioan. Azpiegitura "horren adibide da", ministroaren hitzetan. Era berean, Abiadura Handiak "garrraioaren iraultza" ekarriko duela aldarrikatu du Blancok. Horregatik, AHT "ez du inork geldituko", gaineratu du.
Mikel Cabieces Gobernuko ordezkariak eta Jose Maria Arriaga Bizkaia Zubiko presidenteak inaugurazioan parte hartu dute. Abiadura Handia "ekonomiaren lehiakortasuna" bultzatzeko "funtsezko osagaia" dela azaldu du Blancok.
Mikel Uriarte gaztea iaz hil zen, bere ibilgailua azpiegituratik erori ostean. Biktimaren amari "elkartasuna" adierazi dio Blancok. Gaztearen senideek eta lagunek elkarretaratzea egin dute segurtasun neurri handiagoak eskatzeko.
"Berezia"
Bisitatu duen zubirik "bereziena" dela esan du ministroak. "Ingeniaritzaren mugarri" bat dela gaineratu du. 120 urteko historiaren atzean "Euskadiko jendea definitzen duten osagaiak daude", erantsi du.
Birmoldaketa lanetarako "milioi bat euro baino gehiagoko" ekarpena egin du Ministerioak, Blancok gogorarazi duenez.