Gizartea -
Sutea
Gizonezko bat atxilotu dute Eivissan, igandeko sutea eragitea egotzita
Guardia Zibila deklarazioa hartzen ari zaio, Cala Llongako sutea berak piztu zuelakoan. 1.000 lagun inguru atera behar izan zituzten etxeetatik, eta 115 hektarea kaltetu ziren.
Erredakzioa
Guardia Zibilak 36 urteko gizonezko bat atxilotu du Eivissan, igande gauean Cala Llongan izandako sutea piztea leporatuta. Sutearen ondorioz, Santa Eularia udalerriko Roca Llisa urbanizazioko 1.000 auzokide inguru atera behar izan zituzten etxeetatik. Susmagarria larunbat arratsaldean atxilotu zuten; ordutik, Guardia Zibilaren egoitzan dago, deklaratzen.
Sutea itzaltzeko lanek oraindik jarraitzen dute, eta astelehen honetan kontrolpean geratu zen sua. 115 hektarea kaltetu dira eta, sutearen eraginez, etxe bat guztiz hondatuta geratu zen. Gainera, beste lau etxebizitzetan ere izan dira kalteak.
Sutea igande honetan hasi zen, 20:00ak jota, Cala Llongatik Sol d´en Serra hondartzara doan errepideko pinudi batean. Larria izan zitekeela ikusita, Larrialdietarako Unitate Militarrak ere hartu zuen parte itzaltzeko lanetan.