Gizartea -

Merkataritza sektorea

Eusko Jaurlaritzak zortzi ekimen gauzatu ditu merkatariei laguntzeko

% 2,7 hobetu ditu bere salmentak EAEko barne-merkataritzak, balio errealetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak zortzi ekimen berri gauzatu ditu azken urtean merkataritzari laguntzeko. % 2,7 hobetu ditu bere salmentak EAEko barne-merkataritzak, balio errealetan.

Pilar Zorrilla Merkataritza eta Turismo sailburuordeak eta Maite Valmaseda Merkataritza zuzendariak agerraldia egin dute ostegun honetan Eusko Legebiltzarreko Industria Batzordean, Euskal Merkataritzaren Egokitze Planaren betetze-mailari buruzko informazioa emateko. 2010eko apirilean onartu zuten egitasmo hori.

Horrela, agerraldia egin aurretik, 2010ean barne-merkataritzaren salmentek % 5,6ko igoera nominal metatua izan zutela ekarri du gogora Zorrillak, eta termino errealetan, aldiz, % 2,7koa izan zela iragarri du. Lurraldeen arabera, Gipuzkoa % 3,5 hazi zen, Araba % 3,4 eta, azkenik, Bizkaia % 2,1.

"Sektoreak, Jaurlaritza beti alboan izan duela, etengabe aldatzen ari den esparru batera egokitzeko egin duen ahalegin itzela nabarmendu du Zorrillak, betiere prestakuntzaren, kudeaketa hobearen eta inbertsioak gehiagoren aldeko apustua eginez, une honetako zailtasun ekonomikoak gorabehera".

Azken urte honetan zortzi ekimen jarri dira abian euskal merkatariei laguntzeko, ikuspegi desberdinetatik begiratuta: Merkataritza Bikaina, Merkataritza Ekipamenduen Modernizazioa, Lehiatu Programa (Enpresa arteko Lankidetzakoa), Transmisio eta Ekintzailetzako ekimena, hiri-merkataritza dinamizatzeko Zonako Estrategiak, Miniresiste programa eta Ikusmer Euskal Merkataritzaren Behatokiaren aldaketa sakona.

Merkataritza Bikainari dagokionez, saltokiei bikaintasun-maila hobetzea ahalbidetzen dieten bitarteko ziurtagiriak (Brontzezko Q-a eta Bikaintasuna helburu) bultzatu ditu Eusko Jaurlaritzak. 250 saltoki daude jada eraldaketa-prozesuan eta horietatik bederatzik ziurtagiri berriak lortu dituzte. Era berean, UNE arauaren 316 ziurtagiri eman dituzte aldi horretan. Kalitate-maila egiaztatzen duten 1.491 saltoki daude une honetan Euskadin. Programa horrek jakin-mina piztu du gobernu autonomoetan, eta informazioa eskatu dute beren erkidegoetan abiarazteko.

Merkataritza Ekipamendua Modernizatzeko programak bultzada eman dio Euskadiko dendak berritzeko lanari. 2010-2011 aldian, Eusko Jaurlaritza ia bederatzi milioi euroko diru-laguntza eman du sektoreko enpresak beren instalazioak modernizatzera animatzeko, 80 milioi euroko inbertsioa egin du guztira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea