Gizartea -

Koronabirus

Frantziak urri amaiera arte luzatuko du ekitaldi handien debekua

Gainera, tokiko agintariek leku irekietan maskaren erabilera ahalik eta gehien zabaltzea nahi du Estatuak.

Frantziak urri amaiera arte luzatuko du ekitaldi handien debekua. Argazkia: EFE.
Frantziak urri amaiera arte luzatuko du ekitaldi handien debekua.
Frantziak urri amaiera arte luzatuko du ekitaldi handien debekua. Argazkia: EFE.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako lehen ministroak, Jean Castexek, iragarri du 5.000 pertsona baino gehiago bilduko dituzten ekitaldiek debekatuta jarraituko dutela, gutxienez urriaren 30era arte, eta aurreratu du tokiko agintariekin hitz egingo duela maskaren erabilera leku irekietan beharrezkoa izatea ahalik eta gehien zabaltzeko.

Castex Montpellierreko ospitalean egon da, eta azken bi asteotan egoera epidemiologikoak "okerrera" egin duela ohartarazi du. Eguneko positiboen kopuruak gora egin du Frantziako Estatuan, baita ospitaleratutako pertsonen kopuruak ere.

Horren aurrean, lehen ministroak esan du "arduratzeko modukoa" dela egunean 25 berragertze berri atzematea, eta herritarren zein erakundeen laguntza eskatu du "pandemia hedatzeko arrisku handiari" eusteko.

"Oinarrizkoa da atzera-buelta bat eta beste konfinamendu bat ekiditea, eta hori gure eskuetan dago", esan du, Frantziako telebista publikoak aditzera eman duenez. Orain arte, pandemia hasi zenetik, 200.000 positibo eta 30.000 hildako zenbatu dituzte Frantzian.

Emmanuel Macron presidenteak ere Twitterren bigarren olatu baten arriskuaz egin du berba, eta kontuz ibiltzeko eskatu die herritarrei. "Epidemiak ez ditu oporrak hartzen: adi egotea eta prebentzio keinuei so egotea ezinbestekoak izaten jarraitzen dute", esan du Defentsa Kontseiluaren bilera egin eta gero.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Emmanuel Macron Koronabirusa Frantziako Gobernua