Gizartea -
KORONABIRUSA
Ertzaintzako Sipe sindikatuak lau salaketa aurkeztu ditu Jaurlaritzaren aurka
Sipek salatu duenez, ez zen neurririk hartu Bilboko polizia-etxe batean eta Brigada Mugikorreko kideen artean positibo eman zutela detektatu ondoren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzako Sipe sindikatuak lau salaketa aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren aurka, "arduragabekeriaz jokatzeagatik, ertzainen osasuna eta, ondorioz, herritar guztiena arriskuan jarriz", Bilboko polizia-etxe batean eta Brigada Mugikorreko kideen artean kasu positiboak atzeman ondoren neurririk ez hartzeagatik.
Aurkeztutako salaketen arabera, abuztuaren 3an hamar positibo atzeman ziren Bilboko ertzain-etxeetako batean lan egiten duten agenteen artean, eta Estafanía Beltrán de Herediak zuzentzen duen saileko Laneko Arriskuen Prebentziorako Sailak ukatu egin zien PCR probak egitea positiboekin harremanetan egon ziren agenteei.
Sindikatuak Lan Ikuskaritzaren aurrean egindako idatzietan, konfinamendu eta isolamendu irizpideak ere ez zirela ezarri salatu du, "lantokiko gainerako langileen osasuna arriskuan jarriz".
Siperen arabera, egoera bera gertatu zen abuztuaren 7an Iurretan (Bizkaia) egoitza duen gorputzeko Brigada Mugikorreko kideen artean zazpi positibo detektatu zirenean, eta abuztuaren 10etik 11rako goizaldean Ertzaintzak pertsona zauritu bat artatu eta biktimak positibo eman zuenean egin zen koronabirusaren proban.
Segurtasun Sailak neurririk hartu ez zuenez, jarduketa horretan parte hartu zuten agenteek berriz ere lan egin zuten hurrengo gauean, "beste behin ere, txanda bera egiten ari ziren lankide guztien osasuna arriskuan jarriz".
Sipek, azkenik, Segurtasun Saila salatzen du, joan den abuztuaren 10etik ez zaielako "maskara nahikorik" ematen Bilboko ertzain-etxean jendearen arretan lan egiten duten langileei; izan ere, astean 4 maskara ematen zaizkie soilik 5 eta 7 eguneko txandarako.