Gizartea -

COVID-19

Tuterak murrizketak ezarriko ditu kontaktu sozialetan, agerraldiei eusteko

15 egunez aplikatuko diren murrizketak gizarte-ekitaldietan oinarrituko dira eta ez diete mugikortasunari eragingo.

Aste honetan Tuterak heriotza bat jakinarazi du COVID-19ren ondorioz. Argazkia: Tuterako Udala.
Tutera
Aste honetan Tuterak heriotza bat jakinarazi du COVID-19ren ondorioz. Argazkia: Tuterako Udala.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun Sailak, Tuterako Udalarekin lankidetzan eta Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten teknikoetan oinarrituta, jarduera berezi bat jarri du abian Tuteran, COVID-19aren hedapena saihesteko eta geldiarazteko.

Azken astean, Tuterak Nafarroako batez bestekoa bikoizten duen kasu kopurua izan du (96 kasu abuztuaren 2tik 8ra), ospitaleratzeak nabarmen ugaritu dira (21 ospitaleratze uztailaren 20tik abuztuaren 8ra), eta, gainera, aste honetan heriotza bat jakinarazi du COVID-19aren ondorioz, Foru Gobernuak ohar batean azpimarratu duenez.

15 egunerako aurreikusitako neurriak indarrean jarriko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain laster. Murrizketek gizarte-ekitaldiei eragingo diete, ez dute mugikortasunarekin zerikusirik, eta agerraldi edo gorabehera handiak izan dituzten beste udalerri edo auzo batzuetan (Mendillorri, adibidez) ezarritakoen ildotik doaz. Neurriok, halere, bilakaera epidemiologikoaren arabera berrikus daitezke.

Nafarroako Foru Gobernuak adierazi duenez, Osasun Departamentuak tokiko agintariekin koordinatuta osatu duen estrategia honakoa da: "Toki eta une bakoitzera egokitutako neurri mailakatu sorta bat adostea, kontaktuak arakatzeko sistema estandarretik harago esku hartu behar dela ikusten denean".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Tutera Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Osasunbidea