Gizartea -

Gertakaria

Ume batek irakasleari tiro egin eta bere buruaz beste egin du Brasilen

Ustezko erasotzaileak 10 urte baino ez zituen. Irakaslea, 38 urteko emakumea, Sao Pauloko ospitalera eraman dute, mokorrean ebakuntza egin diote eta medikuek adierazi dutenez, arriskutik kanpo dago.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

10 urteko ume batek bere irakasleari tiro egin dio eta ondoren bere buruaz beste egin du. Brasilgo Sao Caetano do Sul herrian jazo da gertakaria.

Robinson Castropil Sao Caetano do Sulgo Poliziaren buruak adierazi duenez, adingabeak komunera joateko baimena eskatu zion irakasleari eta handik itzulitakoan irakasleari hainbat tiro egin zizkion eta ondoren bere buruari.

Poliziak adierazi duenez, arma ikaslearen aitarena zen, herriko udaltzaingoa omen da. 10 urteko ikasleak 38 kalibredun errebolberra nola lortu zuen ikertzen ari dira agintariak.

Lekukoen arabera, adingabeak irakasleari tiro egingo ziola esan zien atzo hainbat ikaskideri, eta ondoren bere buruaz beste egingo zuela ohartarazi zien, baina ez zien erasoaren zergatia aipatu.

Rosileide Queiros de Oliveira, 38 urteko irakaslea, Sao Pauloko ospitale batean dago ingresatuta. Mokorrean ebakuntza egin behar izan diote, eta medikuek adierazi dutenez, arriskutik kanpo dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea