Gizartea -
BIZKAIA
Hiru atxilotu Bilbon, Errekaldeko pisu batean sexu-esplotazioa egiteagatik
2019ko azaroan hasi zen ikerketa, prostituzioa egiten zen etxebizitzan izandako gatazkaren ondorioz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu ditu Bilboko Errekalde auzoko etxebizitza batean, prostituzioa, emakumeen sexu-esplotaziorako hertsapenak eta osasun publikoaren aurkako delituak egotzita.
2019ko azaroan hasi zen ikerketa, prostituzioa egiten zen etxebizitza batean izandako gatazkaren ondorioz. Sexu-esplotazioa jaso zuen emakumeetako bat Espainiako Poliziarekin harremanetan jarri zen, Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak ostiral honetan jakitera eman duenez.
Behin informazioa jasota, agenteek ikerketari ekin zioten. Gerora ikusi ahal izan dutenez, emakumeak, Errekalde auzoko pisu batean prostituzioan jarduteko atzeman ondoren, dokumentazio guztia kendu eta irabazien erdia orain atxilotuta dauden pertsonei ematera behartzen zituzten. Gainera, egunean ordu bakar batez soilik irten zitezkeen eta beti hiru atxilotuetako batek lagunduta.
Uztailaren 7an salaketa jaso zuen pisua erregistratu zuten, eta bertan atxilotu dituzte hiru pertsonak: Boliviako emakume bat (taldearen ustezko burua) eta Argeliako eta Barakaldoko gizon bana.
Miaketan mugikor ugari atzeman zituzten, 730 euro eskudirutan, bai eta bi kokaina-poltsa txiki, estasi-pilula batzuk eta prezisio-balantza bat ere. Azken hori osasun-arlora bidali dute, azter dezaten.
Hiru atxilotuei polizia-etxean deklarazioa hartu ondoren, horietako bat, Barakaldoko bizilaguna dena, aske utzi dute. Beste bi atxilotuak, berriz, epailearen esku utzi dituzte.