Gizartea -

Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzak osasun-larrialdi egoera ezarriko du astelehenean

12:30ean agerraldia egingo dute Arantxa Tapia eta Nekane Murga sailburuek xehetasun gehiago emateko.

PCR probak. Argazkia: EiTB
PCR probak. Argazkia: EiTB
Zein erabaki hartu daitezke larrialdien kudeaketarako legea onartzen bada?

1:41

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak osasun-larrialdi egoera ezarriko du astelehenean, EiTBk jakin ahal izan duenez. Larunbatean, 12:30ean, prentsaurrekoa eskainiko dute Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak eta Nekane Murga Osasun sailburuak, xehetasun gehiago emateko.

Osasun-larrialdi egoera berriz ere ezartzearen helburua esparru juridiko bat izatea da, COVID-19ari eusteko beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izateko, batez ere aisialdiaren inguruan, irailean ikasturte hasiera bermatu ahal izateko eta industria- eta enpresa-jarduera "normaltasunez" egin ahal izateko.

Euskal Autonomia Erkidegoan kutsatutako pertsonen kopuruak gora egin du azken egunotan. Nahiz eta ostiral honetan positibo berrien kopurua apur bat jaitsi den (59), 510 pertsona kutsatu dira eta 136 ospitaleratu dituzte; horietatik, 13 ZIUn daude.

Atzoko eguna bereziki zaila izan zen, 569 kutsatu berri atzeman baitzituzten (aurreko egunean baino 200 gehiago), eta horrek joan den martxoko datuetara itzultzea ekarri zuen.

Azken asteotan Eusko Jaurlaritza kutsaduraren gorakadaz arduratzen hasia zen. Abuztuaren 6an Nekane Murga Osasun sailburuak pentsaurrekoa eman zuenean, bigarren olde baten aurrean geundela ohartarazi zuen, eta euskal herritarrek erantzukizunez jokatzea eskatu zuen, gizarte-jarduera "ahalik eta gehien" murriztu genezan.

Bi egun geroago, Iñigo Urkullu lehendakariak herritarren "erantzukizunari eta erantzunkidetasunari" dei egin zion, "iraganeko egoerak berriro jasateko" arriskuaren aurrean.

Ostegun honetan bertan, Murgak beste prentsaurreko batean adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak osasun-larrialdi egoera berezarriko zuela koronabirusaren hedapenak erritmo berean hazten jarraitzen bazuen. Pandemiari aurre egiteko erreminta juridiko horretara jo zuen jada Exekutiboak martxoko lehen asteetan. Azkenik, abuztuaren 13an,  lehendakariak osasun-krisiari aurre egiteko osasun-larrialdi egoera ezarriko zela adierazi zuen agerraldi publiko batean.

BOEn argitaratzea

Eusko Jaurlaritza lanean ari da datorren astelehenean, hilaren 17an, EHAAn osasun-larrialdi egoera deklaratuko duen araudi hirukoitza argitaratzeko, Euskadiko Babes Zibileko Plana, LABI, formalki aktibatzeko (ekainaren 24ko 153/1997 Dekretua eta urtarrilaren 13ko 1/2015 Dekretua) eta lehendakariak aginte bakarra bere gain hartzeko.

Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez, datorren asteartean, hilaren 18an, lehendakaria LABIren aginte bakarraren aholkulari batzordearen lehen bileran izango da.

Aldi berean, Eusko Jaurlaritza lanean ari da "ahalik eta azkarren, eta gainerako autonomia-erkidegoekin ados jarrita", ostiral honetan Osasunaren Lurralde arteko Kontseiluan adostutako neurriak eta "aztertu diren beste neurri osagarri batzuk" aplikatzeko.

Hain justu, bihar prentsaurrekoa emango dute Bilbon Nekane Murga Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, pandemiaren bilakaeraren datuak eguneratzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak bideoak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Covid birusaren olatu berria Osasun larrialdia