Gizartea -

Azken lau urteetan

Euskal Herriko Ikastolek 4 milioi euroko murrizketa salatu dute

Ikasturte berriaren irekieran Hezkuntza sailburua eta Gipuzkoako ahaldun nagusia izan dira. Ikastolen federazioak "hezkuntza sistema osatzen dutenen arteko akordio zabala" eskatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen presidenteak salatu duenez, azken lau urteetan lau milioi eurotan murriztu ditu Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzen kopurua. Gainera, "hezkuntza sistema osatzen dutenen arteko akordio zabala" eskatu du.

2011-2012ko ikasturte berriaren irekiera ekitaldian izan da Tellitu, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuarekin eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin. Aurtengo ikasturterako Euskadiko ikastoletan 40.000 ikasle izango dira 103 ikastetxeetan.

Celaak egoeraren "larritasunaz" ohartzeko eskatu die. "Egungo unean erantzukizunaz aritu behar gara", azpimarratu du. Gainera, euskarazko hezkuntzarekiko duen konpromisoa berretsi du.

"Laster" Euskadin bake eszenatoki bat lortzeko "itxaropena" azaldu du Celaak. "Hezkuntzak zeresan handia du gizarte baketsu eta aske baten eraikuntzan eta ikastolak horren parte izan behar dira", adierazi du.

Bestalde, Tellitu "pozik" agertu da "egungo egoera politiko itxaropentsua" dela eta. "Dirudienez, nahi dugun norabidean doa Euskadi, gure gizartea. Zauri gehiegi dituen gizartea da gurea eta hezkuntza zereginentzako ez da erraza", baieztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea