Gizartea -
Ikerketa
Altzoko Handiaren hezurrek erakutsi dute artrosia eta osteoporosia izan zituela
Hala, astelehen honetan azaldu dutenez, baieztatuta geratu da Migel Joakin Eleizegiren kondaira benetakoa izan zela.
Agentziak | Erredakzioa
Altzon 1818an jaio eta 1861ean hil zen Migel Joakin Eleizegi Arteaga Altzoko Handiaren hezurrek erakutsi dute haren kondaira benetakoa izan zela, eta artrosi "larria" eta osteoporosia izan zituela. Gaitz horiek minak eragin zizkioten 'Handia' filma inspiratu zuen gizonari.
Udalerriko Altzo Azpi hilerrian egindako ekitaldian, Aranzadi Zientzia Elkarteko arduradunek (Aranzadi izan da aurkikuntzaren protagonista), Gipuzkoako Aldundiak, Altzoko Udalak, Txomin Rezola alkateak, eta Eleizegiren ondorengoek azaldu dute ikerketa nola gauzatu den.
Aranzadiko ikertzaileak joan den asteko asteazkenean hasi ziren Eleizegiren hilobian induskatzen. Ostiralean, 64 zentimetroko femur bat atera zuten.
Aranzadiko Antropologia ataleko Lourdes Herrastik zuzendu du indusketa, Paco Etxeberria auzitegiko medikuarekin batera; Herrastik azaldu duenez, ikerketa familia-hilobian hasi zen, eta gero hilerriko hezurtegian jarri zuten arreta. Bertan zeuden, "egoera oso onean", hezurrak; alegia, "beti" izan ziren tokian.
Herrastik zehaztu du horrek, DNAren analisiaren zain, baieztatu egiten duela Altzoko Handiaren kondaira benetakoa izan zela; hipotesi batzuen arabera, gorpuzkiak saldu edo lapurtu zituzten, baina horrek, dagoeneko, "ez du zentzurik": "Hemen zegoen, gure ondoan", esan du; "Altzoko herritarrek beti babestu egin dute".
Ikertzailearen esanetan, hezurretan atzeman dute Eleizegik "artrosi larria eta osteoporosia" pairatu zituela; horrek azalduko luke zergatik izan zituen minak bizitza osoan.