Gizartea -

Gipuzkoa

67 urteko gizon bat hil da Andoainen, N-I errepidean izandako istripu batean

Ibilgailua errepidetik atera da eta erdibitzailearen kontra jo du, oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

67 urteko gizon bat hil da gaur goizean N-I errepidean, Andoain parean, gidatzen ari zen ibilgailua errepidetik atera denean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ezbeharra 11:20 aldera izan da, Lasarte-Oriako noranzkoan, eta gizonak gidatzen zuen autoa bidetik atera da eta erdibitzailearen kontra talka egin du.

Ertzaintzaren patruila bat bertaratu da, eta agenteek gidaria suspertzeko lehen maniobrak egin dituzte. Ondoren, anbulantzia bateko osasun-langileak gerturatu dira, baina haren heriotza egiaztatu besterik ezin izan dute egin.

Ertzaintzak ez du, oraingoz, istripuan parte hartu duen beste ibilgailurik aurkitu, hortaz, istripuaren inguruabarrak ikertzen ari da.

Hildakoaren gorpua Donostiako auzitegiko institutu anatomikora eramango dute, autopsia egin diezaioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Gipuzkoa Gizartea Trafikoko telefonoak Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Andoain Albisteak N-1 Trafiko-istripu hilgarriak