Gizartea -

Koronabirusa

Monterok prostituzio-etxeak ixteko eskatu die autonomia-erkidegoei

"Ez diezaiogun atsedenik eman sexu-esplotazioari", galdegin du Espainiako Berdintasun ministroak; esan duenez, "oso kezkatuta" dago, establezimendu horietan izandako COVID-19ko berragertzeengatik.

Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroa, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroa, artxiboko irudian
Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroa, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak gutuna bidali die autonomia-erkidegoei, prostituzio-etxeak eta harremanak izateko lokalak ixtea eskatzea helburu, tabernei, diskotekei eta aisialdi-lokalei ezarritako murriztapenekin bat eginda.

"Ez diezaiogun atsedenik eman sexu-esplotazioari, ez diezaiogun atsedenik eman beti inpunitatean eta erabateko opakotasunean dagoen industria proxeneta horri. Prostituzio-testuinguruan dauden emakumeen eskubideen gainean asko hitz egiten da, baina ez, aldiz, negozio-zifren gainean", ekarri du gogora.

RNEn egin dioten elkarrizketa batean zehaztu duenez (Europa Pressek jaso du), alarma-egoeran lanean ibili ziren, genero-indarkeriaren biktimak lagundu, babestu eta osoko arreta emateko zerbitzuak funtsezko bilakatzeko, eta ziurtatzeko ez zirela geldituko. Autonomia-erkidegoekin batera, sexu-esplotazioaren biktimak diren emakumeei ere zabaldu zieten berme hori, bai eta prostituzio-testuinguruan dauden emakumeei.

Esperientziak, gehitu du, balio beharko luke, orain, hasieratik zaurgarritasun-egoeran dauden emakumeen eskubideak bermatzeko. Gainera, prostituzio-testuinguruan berragertzerik edo kutsatzerik egotekotan, "kontaktuen jarraipena egitea zailagoa litzateke".

Gutunean, Montero autonomia-erkidegoetako Gobernuei zuzendu zaie, eta adierazi die "oso kezkatuta" dagoela, ikusita Espainiako hainbat prostituzio-etxetan eta harremanak izateko lokaletan izandako berragertzeak.

"Pandemiak hemen jarraitzen du, eta, Osasun Ministerioarekin adostutako neurrien artean, hain zuzen ere tabernen, jatetxeen, diskoteken eta gaueko aisialdiko beste lokal askoren irekitzea mugatzen duten neurrien artean, eta sexu-esplotazioaren aurkako gure etengabeko borrokari kalterik egin gabe, garrantzitsutzat jotzen dut prostituzioa egiten den lekuetan espezifikoki jardutea", dio testuak.

"Emakumeen osasuna eta eskubideak oinarrizkoak dira", adierazten du Monterok, eta, "osasun-egoeraren eraginez, lokal horietan egon litezkeen kutsadurek ekar lezakete jarraipen zaileko positiboen kopuruak oso gora egitea". Horregatik, bere iritziz "alarma-egoeran izandako koordinazio-esperientzia" ekarri du gogora; izan ere, "etxebizitzarekin eta zaintza sozio-sanitarioarekin lotutako baliabideak bideratzea" ahalbidetu zuen koordinazio horrek.

"Funtsezkoa litzateke koordinazio hori egotea; hala, emakumeei, lokalak itxita, eskaini ahalko genizkieke aukera duinak, euren egoeraren ardura har dezagun", azaldu du gutunean Unidas Podemoseko agintariak.

Kataluniak eta Gaztela-Mantxak itxi egin dituzte

Ildo horretan, Alba Verges Kataluniako Generalitateko Osasun kontseilariak iragarri du gaueko aisialdiaren gaineko ebazpena aldatuko dutela; hemendik aurrera, prostituzioak bezalako lokal erantsiak dituzten establezimenduei ere eragingo die ebazpen horrek.

"Inkoherentzia zen gaueko aisialdia itxi eta horrelako jarduerak egiten dituzten beste lokal batzuk zabalik uztea", argudiatu du Vergesek.

Gaztela-Mantxak ere erabaki du prostituzio-etxeak ixtea. Orain, ikusi beharko da zer dioten gainerako autonomia-erkidegoek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua bideoak Espainia argazkiak Gaixotasunak albisteak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Medikuntza albisteak Koronabirusa