Gizartea -

Errenteria

Bisitak eta irteerak eten dituzte Sanmarkosene zentroan, positibo batengatik

Gainera, Azpeitiko adinekoen zentroetan bisitak egiteko debekua astebetez luzatu du Aldundiak. Donostiako zentro-gune batean sei positibo jada atzeman dituzte.

Errenteriako Sanmarkosene adinekoen egoitzaren irudia. Argazkia: Euskadi Irratia
Errenteriako Sanmarkosene adinekoen egoitzaren irudia
Errenteriako Sanmarkosene adinekoen egoitzaren irudia. Argazkia: Euskadi Irratia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errenteriako Sanmarkosene adinekoentzako egoitzaren langile batek positibo eman du COVID-19an, Errenteriako Udalak Twitter bidez jakinarazi duenez. Horren ondorioz, Osalanek eta Osakidetzak zehaztutako gomendioei jarraituta, datozen 14 egunetarako bisitak eta irteerak eten egin dituzte. Prebentzioagatik, hirugarren solairuko erabiltzaileak isolatu dituzte, eta PCR probak egin dizkiete. Orain arte guztiek negatibo eman dute.

Errenteriako Udalak azaldu duenez, "egoeraren eta hartutako neurrien berri eman zitzaien atzo bertan erabiltzaileen familia guztiei". Gainera, eguneko zentroa itxi dutela iragarri du, "ahalik eta gehien murrizteko bertaratzen diren pertsona kopurua".

Bestalde, Azpeitiko adinekoen zentroetan bisitak egiteko debekua astebetez luzatzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Elgoibarko zentroari dagokionez, irteerak egitea eta eguneko zentroa irekitzea baimendu ditu.

Beste hainbat zentrok galarazita izango dute beste astebetez irtetea eta ekitaldiak egitea, hala nola, Zarauzkoak, Mutrikukoak eta Arrasateko Aita Menni Ospitalekoak. 

Beste sei positibo Donostian

Bestalde, Donostiako San Ignazio erresidentziako erabiltzaile batek positibo eman du. Zentro-gune berean dagoen Garate Anaia erresidentzian beste bost erabiltzailek eman zuten positibo. Guztira, beraz, sei dira dagoeneko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Azpeitia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Errenteria Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak