Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, sexu erasoa egotzita

Gasteizko Ertzain-etxeko agenteek 27 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur goizean, sexu erasoen delitu bat egotzita, kaletik zihoan emakumezko bati eraso egiteagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Ertzain-etxeko agenteek 27 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur goizean, sexu erasoen delitu bat egotzita, kaletik zihoan emakumezko bati eraso egiteagatik.

05:30 aldera, herritar batek Ertzaintzari deitu dio, Ibaiondo (Gasteiz) inguruan gizonezko batek emakumezko bati eraso egin diola jakinarazteko.

Horren berri izan baino ez, herritarren segurtasunerako patruila batzuk abiatu dira bertara, eta horietako batek gizonezko gazte bat Wellingtongo Dukearen kaletik korrika eta aparkatuta zeuden ibilgailuen artean ezkutatzen ikusi du.

Agenteak susmagarriaren atzetik abiatu dira, ustezko erasotzailearen ezaugarri fisiko berberak baitzituen.

Landaberde kalean harrapatu dute, bertan aparkatuta zegoen ibilgailu batean sartzen saiatzen ari zenean. Gainera, agenteei aurre egin diete, eta horietako bati kolpe bat eman dio aurpegian. Azkenean, zenbait baieztapen egin eta biktimak horrek eraso diola esan ondoren, atxilotu egin dute.

Beste patruiletako batek Santiago ospitaleraino lagundu dio emakumezkoari, bertan arta zezaten. Dirudienez, eta salatutako gertakarien arabera, biktima kaletik zihoala, atxilotua gainera joan zaio, bizkarretik. Jarraian, lurrera bota eta gainean jarri zaionean, biktima oihuka hasi da, laguntza eske. Horren aurrean, erasotzailea korrika joan da bertatik.

Atxilotua epailearen esku jarri dute jada, beharrezko polizia eginbideak betetakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea