Gizartea -
Jazoera
Dorre bateko goiko solairuak kiskali ditu sute batek Madrilen
Bi garabi dabiltza lanean, ura botatzen, sugarrak amatzeko helburuz. Eraikinak hogei solairu inguru ditu, eta goialdeko sei solairu kiskali ditu suteak.
ARGAZKIAK | ERREDAKZIOA
Madrilgo Hortaleza auzoko eraikin bateko goiko solairuak kiskali ditu sute batek, goizalde honetan, Madrilgo Larrialdietarako zerbitzuek EFEri jakinarazi diotenez. Dulce Chacon kalean jazo da ezbeharra, eta suhiltzaile eta larrialdietarako langile anitz bertaratu dira.
Bi garabi dabiltza lanean, ura botatzen, sugarrak amatzeko helburuz. Eraikinak hogei solairu inguru ditu, eta goialdeko sei solairu kiskali ditu suteak. Eraikuntza berria da, eta Pinar de Chamartin zonaldean egindako bost eraikinetako bat da.
Kalteak goiko solairuetan. Argazkia: EFE
Hainbat kilometrora ikus daiteke kea, zenbait auzokidek azaldu dutenez.
Itzaltze lanengatik Madrilerako hiru sarrera-errei itxi dituzte M-11 errepidean, Arturo Soria zonaldean, eta Fuente de la Mora biribilgunetik bideratu dute trafikoa, Madrilgo Mugikortasuna Kudeatzeko Zentroak argitu duenez.