Gizartea -

Koronabirusa

14 egunez Santoña ixtea erabaki du Kantabriako Gobernuak

Santoñara sartzea eta handik ateratzea debekatuta egongo da, joan-etorriak baimenduta dituztenentzat salbu. Herriko sarreran eta irteeran kontrolak jarriko dituzte, 24 orduz.

14 egunez Santoña ixtea erabaki du Kantabriako Gobernuak
14 egunez Santoña ixtea erabaki du Kantabriako Gobernuak
14 egunez Santoña ixtea erabaki du Kantabriako Gobernuak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kantabriako Gobernuak Santoña ixtea erabaki du, COVID-19aren pandemiak izandako bilakaerak bultzatuta. Izan ere, abuztuan gora egin dute nabarmen COVID-19 kasuek aipatu udalerrian. Gaur egun, 64 pertsona daude kutsatuta. Hori horrela, 14 egunez debekatuta egongo da Santoñara sartzea eta handik ateratzea.

Neurria gaur bertan jarriko dute indarrean, Kantabriako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenean.

"Erabaki zaila" izan da, Miguel Rodriguez Osasun kontseilariaren esanetan. "Nolabait esateko, 1 fasera itzuliko dira, baina neurri arinagoekin", adierazi du. Halaber, argi utzi du helburua herritarren osasuna bermatzea eta osasun-zerbitzuen kolapsoa saihestea dela. Horregatik, ez du baztertu beste udalerri batzuk ere ixtea.

Esan bezala, kasu jakin batzuetan soilik baimenduko dituzte joan-etorriak: derrigorrezko hezkuntzarako, osasun-zentroetara eta lanera joateko edota adinekoak zein adingabeak zaintzeko.

Hartara, eguneko 24 orduetan, kontrolak izango dira Santoñako sarrera-irteeretan, errepideetan eta itsasoan. Guztira, 50 agente inguru arituko dira horretan.

Zaharren egoitzetan ez dute bisitarik onartuko, eta adinekoek ez dute horietatik ateratzeko aukerarik izango. Bestalde, ostalaritzak ateak itxiko ditu berriro, baina jatetxeek etxez etxeko zerbitzua eskaintzeko baimena izango dute. Gainera, jatetxean bertan ere jaso ahalko dituzte bezeroek etxera eramatekoak. Bukatzeko, ez da kirol-, aisialdi- eta kultur-ekitaldirik izango.

Hotelak zabalik egongo dira, eta horietan ostatu hartuta dauden bidaiariek baimena izango dute etxera itzultzeko.

Ezkontza, bataio, jaunartze, hileta eta beiletan ezingo dira 10 pertsonatik gora batu.

Azken batean, ahal den neurrian, etxean geratzeko deia ere egin die herritarrei Osasun kontseilariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Turismoa Euskadi Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kantabria Koronabirusa