Gizartea -
Koronabirusa
COVID-19ak adinekoen egoitzetan izandako ondorioak salatuko dituzte gaur pentsiodunek
Koronabirusak "adinekoengan izan dituen ondorio larrien gainean" ohartarazi du pentsiodunen mugimenduak, EAEko Fiskaltzari helarazitako txosten baten bidez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"COVID-19ak adinekoengan, egoitzetan bizi diren adinekoengan bereziki, izan dituen ondorio larrien gainean ohartarazteko" txosten bat helaraziko dio EAEko Pentsiodunen Mugimenduak EAEko Fiskaltzari gaur Bilbon izango den bileran.
Pentsiodunek azaldu dutenez, batzarra astelehen honetan izango da, Fiskaltzaren egoitzan, 10:30ean. Abuztuaren 5ean Carmen Adan fiskalarekin batzartzen saiatu ziren, baina oporretan zegoen eta hitzordua eman zieten beste egun baterako.
Txostena osatzeko, EAEko hiru lurralde historikoetako adinekoen egoitzetako erabiltzaileen senideekin egon dira harremanetan, baita Aldundietako Osasun Sailetako Gizarte Ongizateko Sailetako ordezkariekin, Foru Aldundiekin eta erresidentzietako langileekin.
Bestalde, "pentsio publiko duinak" eskatzeko mobilizazioak berrabiatuko dituzte astelehen honetan EAEn eta Nafarroan, pentsiodunen mugimenduaren iritziz, "lortu dugun gutxi hori eta oraindik lortzeko geratzen zaigun guztia borrokarekin irabaziko dugulako".
Udako atsedenaldiaren ostean, elkarretaratzeak egingo dituzte euskal hiriburu guztietan eta, "era mailakatuan", beste 70 udalerritan ere.