Gizartea -
Tiroketa Alacanten
Hildako bat eta hiru zauritu bitxi-denda bateko lapurretan
Hildakoa ustezko lapurretako bat da. Beste bat atxilotuta dago jada eta hirugarren baten bila dabiltza.
Erredakzioa
Pertsona bat hil da eta beste hiru balaz zauritu dira Alacant hiri erdialdean izan den bitxi-denda bateko lapurretan. Hildakoa, 30 urteko gizonezkoa, lapurretako bat da ustez, Alacanteko poliziak esan duenez.
Arratsaldeko 20.30ak inguruan gertatu zen lapurreta Alfonso X.a Jakituna hiribidean. Beste lapur bat atxilotua izan da jada eta hirugarren baten bila dabiltza oraindik.
Zaurituen artean, 51 urteko emakume bat dago balaz zaurituta eta larri eraman zuten ospitalera. 63 urteko beste gizonezko bat ere ospitalean dago bizkarraldean zauri bat duela.
Azkenik, 23 urteko beste gizonezko bat ere eskumuturrean bala batek eragindako zauri batengatik Alacanteko ospitalean dago. Beste lau lagun antsietateagatik artatu behar izan zituzten, hiru emakume eta 11 urteko gazte bat.