Gizartea -

KORONABIRUSA

Musukoa derrigorrezkoa izango da Lapurdiko kostalde osoan, eremu gorrira igaro ostean

Hendaiako, Hiriburuko, Bokaleko eta Angeluko erdigunean une oro erabili beharko da. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak 10 pertsonara mugatu ditu, bestalde, pertsona topaketak.

Hendaiako hondartza. Argazkia: Gloria Telleria
Hendaiako hondartza.
Hendaiako hondartza. Argazkia: Gloria Telleria

EITB. EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Gobernuak eremu gorrira igaro zuen atzo Ipar Euskal Herria, COVID-19aren zirkulazio handia dela eta: asteazkenean, 100.000 biztanleko 51,2 kasu zeuden Pirinio Atlantikoetako departamentuan, eta atzo, 57,2. Gaur, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak koronabirusari aurre egiteko neurri berriak iragarri ditu: maskara derrigorrezkoa izango da beste zenbait hiritan eta mugatu egingo da bildu daitekeen lagun kopurua.

Oraingo neurri hauek "arinak" direla esan du Spitzek, eta egoerak hobera egiten ez badu neurri "zorrotzagoak" hartuko dituztela ohartarazi du.

Toki itxietan eta enpresetan derrigorrezkoa da jada maskara erabiltzea Iparraldean. Kalean, baina, orain arte Baionako, Biarritzeko, Bidarteko, Ziburuko, Ezpeletako, Getariko, Donibane Lohizuneko eta Donibane Garaziko erdiguneetan baizik ez zen derrigorrezkoa. Gaurtik aurrera, ordea, Hendaian, Hiriburun, Bokalen eta Angelun ere derrigorrezkoa izango da.

Eric Spitzek iragarri duenez, "neurria errespetatzen ez duenak 135 euroko isuna izanen du; eta hamabost eguneko epean errepikatzen bada, 1.500 eurokoa".

Hemendik aurrera, gainera, gehienez 10 pertsona bildu ahal izango dira, eta topaketa horiek tabernan izanez gero, eserita egon beharko dute derrigor. Zutik ezingo da ezer kontsumitu.

Dena dela, erabaki horiek guztiak ez dira oraindik Frantziako Egunkari Ofizialean argitaratu. Bihar argitaratuko direla iradoki du Spitz prefetak, eta, beraz, astelehenetik aurrera izango lukete balio juridikoa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea albisteak Baiona Biarritz bideoak Maule albisteak Donibane Garazi argazkiak Hendaia albisteak Gaixotasunak albisteak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Osasun albisteak gaur Zuberoa azken ordukoa Koronabirusaren olatua gaur Lapurdi Nafarroa Behereko azken ordukoa Maskarak covid-19