Gizartea -
Medikuntzako Nobel Saria
Beutler, Hoffman eta Steinman 2011ko Medikuntzako Nobel Sariak
Gorputzeko immunologia sisteman egindako ikerketengatik saritu dituzte. Irabazleetako bat, Stainman, joan den ostiralean hil zen minbiziak jota.
Erredakzioa
Medikuntzako aurtengo Nobela partekatu egin dute eta hiru zientzilariren lana saritu dute, immunologian eta txertoen esparruan egindako ekarpenengatik.
Immunologian egin dituzten ikerketek gaixotasun kutsakorren aurka eragin handia izan dute eta txertoak garatzeko ezinbesteko garrantzia izan dute.
Beutler estatubatuarra 1957an Chicagon jaio zen eta Kaliforniako Scripps institutuan ikerketa lanetan dihardu egunotan.
Hoffman, Luxenburgon jaio zen 1941an. Frantziako nazionalitatea du eta Frantziako Zientzien Akademiako presidentea da 2007 urtez geroztik.
Steinman Montrealen jaio zen 1943. urtean eta New Yorkeko Rockefeller Unibertsitateko irakaslea zen. Beutlerrek eta Hoffmannek milioi bat euroko saria Steinmanekin banatu beharko dute, erdi bana irabazi baitute.
Medikuntzako Nobel saria izan ohi da lehena argitaratzen. Aste honetan Fisika eta Kimikakoak emango dira baita ere, asteartean eta asteazkenean hurrenez hurren. Literaturakoa ostegunean eta Bakearen saria ostiralean emango da jakitera. Aurtengo sari hauek guztiak Ekonomiakoarekin amaituko dira, 17an jakingo dugu zein den irabazlea.
Betiko legez Bakearen saria Oslon emango da eta beste guztiak Stockholmen banatuko dira abenduaren 10ean, Alfred Nobelen heriotzaren urteurrenean.
Ralph Steinman ostiralean hil zen
Ralph Steinman biologo zelularra joan den irailaren 30ean hil zen 68 urterekin pankrea minbiziak jota, Rockefeller Unibertsitateak esan duenez albistea jakin bezain laster bidali duen ohar batean.
Steinmani orain dela lau urte antzeman zioten minbizia eta Unibertsitateak esan duenez, "berak diseinatu zuen zelula dendritikaren immunoterapiarekin" saiatu ziren gaixotasunari aurre egiten.