Gizartea -

Koronabirusa

Zortzi pertsona hil dira EAEko zahar egoitzetan azken orduetan

Bizkaian lau adineko hil dira, Foru Aldundiak jakitera eman duenez. Gipuzkoan, berriz, bi, eta Araban bi pertsona zendu dira.

Zamudioko Truiuondo egoitzan bost positibo daude. ETBren bideo batetik hartutako irudia
Zamudioko Truiuondo egoitzan bost positibo daude.
Zamudioko Truiuondo egoitzan bost positibo daude. ETBren bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira, sei adineko hil dira Bizkaiko eta Gipuzkoako zahar egoitzetan, COVID-19ak jota, azken orduetan, bi lurralde horietako foru aldundiek jakitera eman dutenez.

Horrek esan nahi du, gaur ezagutu ditugun lau heriotzak kontuan izanda, 41 direla dagoeneko koronabirusaren bigarren oldean Bizkaiko zahar etxeetan hil diren pertsonak, Foru Aldundiak emandako datuen arabera.

PCR proban positibo eman duten egoitzetako erabiltzaile eta langileen kopuruak, ordea, ez du gorabehera handirik izan: 141 egoiliar (duela bi egun baino bi gehiago) daude kutsatuta. Horietatik, 22 zahar egoitzetatik atera eta ospitalera eraman behar izan dituzte.

Kutsatutako langileei dagokienez, 111 kasu positibo daude Bizkaian. 61 behargin, gainera, isolatuta daude.

Azken datuek erakusten dute 12 zahar etxetan atzeman dituztela COVID-19 kasuak: Zamudion, Bilbon (lau zahar egoitzatan), Barrikan, Elorrion, Sestaon, Mungian, Getxon, Bakion eta Muskizen.

Adineko bi hil dira Gipuzkoan

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere azken orduetako datuen berri eman du astearte honetan, pandemiaren bigarren boladak lurralde honetako zahar egoitzetan izandako eragina ezagutarazteko.

COVID-19an positibo eman duen adineko pertsona bat hil da azken orduetan Errenteriako Jesusen Bihotza zentroan. Heriotza hori 98 urteko Donostiako Alai-Etxe egoitzako erabiltzaile baten heriotzarekin batera gertatu da, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak jakitera eman duenez.

Foru Aldundiak Gipuzkoako adinekoen egoitzetako egoerari buruzko informazioa eguneratu du, eta adierazi du azken orduetan bi pertsonak positibo eman dutela Errenteriako Jesusen Bihotzean eta bost lagunek Hernaniko Santa Maria Magdalenan egindako PCR probetan.

Gaur-gaurkoz, bost egoitzek dituzte COVID-19 kasu aktiboak: Anaia Garate-San Inazio Donostian (2), Santa Maria Magdalena Hernanin (39), Jesusen Bihotza Errenterian (17), eta Alai-Etxe (8) eta Zorroaga Donostian (1).

Horrenbestez, adineko pertsonentzako egoitza-zentroetako erabiltzaileen artean 67 kasu aktibo daude, hiruk gainditu dute gaixotasuna, eta zazpi hil dira abuztuaren 11n lehen positiboak eman zirenetik. Gipuzkoako egoitza-sareak 65 zentro eta 5.425 plaza ditu adinekoei arreta emateko.

Bi egoiliar gehiago hil dira Gasteizko Tagore egoitzan

Gasteizko Tagore zahar egoitza pribatuko beste bi egoiliar hil dira azken orduetan. Bigarren olatuan, guztira, hiru adineko hil dira egoitza horretan.

Arabako Foru Aldundiak argitu du bi pertsona horiek ospitalean hil direla.

Gasteizko Jesus Guridi egoitzan ere atzeman dituzte kasu berriak aste honetan. Aurretik beste zortzi positibo zenbatu zituzten bertan.

Bestalde, Elorriaga kontzejuko Elorri egoitzan kasu berri bat izan da asteon; guztira, 16 positibo zenbatu dituzte.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoako albisteak Gaixotasunak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Medikuntza albisteak Adinekoentzako egoitzak gaur Koronabirusari lotutako azken orduko albisteak Bizkaiko Foru Aldundia albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak Adinekoak gaurko berriak Arabako Foru Aldundia azken orduko albisteak