Gizartea -
Nafarroa
Sute batek 170 hektarea kiskali ditu Longidan
Zuhaitz asko dagoen 4.000 hektareako gune oihantsu batean piztu da sua. Suhiltzaileek aurreikusi dutenez, goizean zehar itzaliko dute sutea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Gobernuko Suhiltzaileen Zerbitzuak aurreikusi du arratsalderako kontrolpean izango dutela Longidan (Nafarroa) atzo piztutako sutea. Hasiera batean 300 hektarea erre zituela esan zuten aipatu iturriek, baina, azken orduan zabaldutako informazioen arabera, 170 hektarea kiskali ditu.
Goizean zehar sutea piztu den lekutik ibiliko den helikoptero batek baloratuko du zein baliabide material behar dituzten sua erabat itzaltzeko.
Oraingoz, baztertu egin dute, atzo bezala, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren laguntza jasotzea, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
Sutea 15:15ean piztu zen Meoz eta Laregi arteko pinudi batean, eta Elebarri mendiaren eskuin hegala kaltetu du, batik bat. Han, % 21eko malda duten aldapak daude, eta haizeak gogor astindu du gaur zonalde hori, orduko 20 kilometroko ufadekin. Horrek guztiak zaildu egin du suhiltzaileen lana, horregatik ez dute lortu sua guztiz amatatzea.
Gainera, zuhaitz asko dagoen 4.000 hektareako gune oihantsu batean piztu zen sua. Hori dela eta, beldur ziren tamaina handiko sutea izango ote zen, horretarako baldintzak betetzen zirelako.
Halere, goizaldeko prezipitazioek giroa hezetu eta freskatu dute.