Gizartea -

Alzheimerraren Munduko Eguna

"Itxialdiak larriagotu egin du Alzheimerra duten gaixoen egoera"

Alzheimerraren Munduko Egunaren harira, gaixoen, senitartekoen eta lagunen elkarteek ekitaldi publikoak saihestuko dituzte eta martxa birtuala antolatuko dute.

Alzheimerraren Munduko Eguna. Argazkia: Pixabay
Alzheimerraren Munduko Eguna
Alzheimerraren Munduko Eguna. Argazkia: Pixabay

Amaia Larruzea | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurtengo Alzheimerraren Munduko Eguna bestelakoa izango da, COVID-19aren pandemiak bete-betean eragin baitu bai gaixoengan baita senideengan ere. "Pandemiak gure erreakzio-gaitasuna jarri du auzitan", adierazi dute Alzheimerra duten pertsonen, senitartekoen eta lagunen elkarteko arduradunek. Ondorioz, metodologia aldatu eta berritu behar izan dute elkarteek, beraien eskaintza egoerari egokituz. 

"Itxialdiak larriagotu egin du Alzheimerra duten gaixoen eta zaintzaileen egoera; atzerapauso handia izan da beraientzat", azaldu du Koldo Aulestiak, Gipuzkoako AFAGI elkarteko presidenteak. Gainera, 29 urtetan zehar, gaixoei eta senideei aurrez aurreko arreta eskaini ondoren, jarduera guztiak birmoldatu behar izan dituzte. Irailean zehar, gaixoen inguruko balorazioetan ari dira buru-belarri lanean, konfinamenduak eta pandemiak beraiengan izan duten eragina neurtu ahal izateko. Urrian, berriz, tailerrekin eta formakuntzekin hastea espero dute, beti ere, segurtasun neurri guztiak mantenduz. Bestalde, zaurgarrienei arreta psikosoziala eskaintzen jarraituko dute, bai Donostian baita delegazioetan ere.

"Aurrez aurreko arreta martxan jartzen ari gara, eta oraingoz, binaka soilik etor daitezke", adierazi du Bizkaiko AFA elkarteko arduradunak. "Familiek malgutasuna eskaintzen digute, gaixoarekin batera senide gehiago etorri ahal izateko, hala ere, oraingoz, ezin gara arriskatu eta prebentzio neurri guztiei men egin behar diegu”, azaldu dute AFA elkarteko kideek. Aurrez aurreko arreta "ezinbestekoa" dela adierazi dute, bai gaixoentzat bai zaintzaileentzat ere. Orain arte, telefonoz aritu dira beraiekin harremanetan, baina harreman gertuago bat behar zutela atzeman zuten. 

"Gainezka egin die egoerak zaintzaileei" eta laguntza psikologikoa behar dute, "ezinbestean". Arestian aipatu bezala, elkarte gehienek urrian emango diete hasiera formakuntzei eta tailerrei. Bizkaiko AFA elkartekoek ere, esaterako, ohikoak ziren 12 pertsonako taldeak, 5 pertsonako taldeetara mugatuko dituzte, segurtasun distantzia minimoak ziurtatu ahal izateko.

Instituzioei eskaera

Pandemiaren garai honetan lehentasunak beste batzuk izan arren, Alzheimerraren gaixotasuna ahantzian gera ez dadila eskatu dute elkarteek. Ahal den neurrian, ikertzen jarraitzea eta tratamendu duina eskaintzen jarraitzea eskatu dute arren. Alde batetik, Gipuzkoako AFAGI elkarteak Osasun Ministerioak garatutako "Dementzien Estatu Kontseilua"ri egin dio erreferentzia, izan ere, "guztiz geldirik" dagoela esan du eta bertan "aurrera egiteko gakoak" jasotzen direla.

"Kontziente gara COVID-19aren pandemiaren ondorioz, osasun arloan, egoera gogorra bizitzen ari garela, baina segurtasun protokoloa mantenduz, ezinbestekoa dugu zaurgarrienei behar bezalako arreta eskaintzea", adierazi dute AFA elkartekoek. Gainera, eguneko zentroen irekiera mailakatuaren alde ere egin dute, izan ere, "umeak eskolara joaten hasi diren era berean, geure gaixoek ere, onura egiten dien egunerokotasun bat behar dute".

Nolakoa izango da egungo pandemiari egokitutako Alzheimerraren Munduko Eguna?

Aurreko urteetan ez bezala, koronabirusaren zabalpenaren ondorioz, aurten, Alzheimerra duten pertsonen, senitartekoen eta lagunen elkarteek ekitaldi publikoak saihestuko dituzte, ohiko giza kate solidariorik ez dute egingo eta martxa birtuala antolatuko dute. Hala ere, egun handia ez da ezerezean geldituko, izan ere, AFAGI elkartekoek txosten bat egin dute hedabideen artean zabaltzeko eta elkarrizketen bidez herritarrengan kontzientzia sortzeko.

AFA elkarteak, bestalde, martxa birtuala jarri du martxan, eta dirudienez, jendetsua izango da oso. Zuk zeuk ere parte hartu nahi izanez gero, 944167617 zenbakira deitu eta elkartekoek jarraitu beharreko pausoen berri emango dizute; esaterako, egitasmo honetarako bereziki egindako musukoa jasoko duzu eta berau jantzita argazki bat atera beharko duzu, martxa birtualean parte hartu ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Adinekoei buruzko albisteak Alzheimerraren sintomak