Gizartea -

Bizkaian eta Nafarroan

15 pertsona atxilotu dituzte drogaren aurkako operazio batean

Nafarroak zuzendutako operazio honetan 'speed' kilo ugari atzeman ditu poliziak.

Drogaren aurkako operazioa, Bizkaian eta Nafarroan. Argazkia: EITB.
Drogaren aurkako operazioa Bizkaian eta Nafarroan: 15 atxilotu

01:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak eta Ertzaintzak 15 pertsona atxilotu dituzte gaur, drogen aurkako operazio batean, Nafarroan, Errioxan, Bizkaian eta Kantabrian. Poliziak droga ezberdinetako 124 kilo aurkitu ditu.

Nafarroak zuzendutako operazio honetan 'speed' kilo ugari atzeman ditu poliziak, Juan Luis Perez Martin koronelak jakinarazi duenez. Elma Saiz Gobernuko ordezkariaren hitzetan, oso operazio "garrantzitsua" izan da gaurkoa.

Operazioa Ertzaintzaren laguntzarekin burutu dute eta, atzemandako drogak 2,5 milioi euroko balioa izan dezake merkatuan.

Operazio honekin, desegintzat jo dute droga sintetiko trafikoan aritzen zen sare bat. Kide gehienek garraioaren munduan lan egiten zuten, eta bide komertzialak erabiltzen zituzten droga garraiatzeko, Nafarroa, EAE, Errioxa eta Kantabria helburu.

Ikerketari esker sarearen droga biltegi nagusia topatu dute, Barakaldoko industriagune batean.

Atxiloketei dagokienez, 11 Nafarroan egin dituzte (2 Funesen, 1 Milagron, 7 San Adrianen eta 1 Peraltan), bat Errioxan (Calahorran), bi Bizkaian (Leioan eta Barakaldon) eta bat Kantabrian (Ramales de la Victorian),

Miaketetan, agenteek 124 kilo droga atzeman dituzte: 50 kilo speed puru; 74 kilo speed manipulatu; kilo 1 kokaina; 13,5 kilo haxix; 6,6 kilo marihuana; 6.000 estasi pilula eta 3 gramo kristal. Luxuzko lau ibilgailu, bi motozikleta, Taser pistola bat eta munizioa ere atzeman dituzte.

Operazioa Lizarrako Epaitegitik zuzendu dute, eta horretan 100 agentek hartu dute parte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea