Gizartea -
Nobel Sariak 2011
Daniel Shechtman israeldarrak eskuratu du 2011ko Kimikaren Nobel saria
Daniel Shechtman zientzialari israeldarrak eskuratu du Kimikako Nobel saria, materiaren inguruan egindako ikerketengatik, eta, batik bat, "kuasikristalak aurkitzeagatik".
Erredakzioa
Daniel Shechtman israeldarrak eskuratu du 2011ko Kimikaren Nobel saria, materiaren inguruan egindako ikerketengatik, eta, batik bat "kuasikristalak aurkitzeagatik", Suediako Nobel Batzordeak ohar batean adierazi duenez.
"Kuasikristaletan arabiar munduko mosaiko liluragarriak maila atomikoan erreproduzituta ikusten ditugu, inoiz errepikatzen ez diren forma erregularrak", adierazi du Nobel sarien Akademiak ohar batean.
Shechtmanek milioi bat euroko ordainsaria jasoko du. Tel Aviven jaio zen 1941ean, eta 1972az geroztik Israelgo Teknologia Institutuko irakaslea da, Haifan.
Saridunaren aurkikuntzek zientziaren sinesmen zabalduenetako bat jarri zuten zalantzan: material solido guztietan atomoak kristalen barruan zabalduta daudela, behin eta berriro errepikatzen diren forma simetrikoei esker. Zientzialarientzat "errepikapen hori izatea beharrezkoa zen kristala lortzeko", azaldu du Akademiak ohar batean.