Gizartea -
Gipuzkoa
Istiluak Tolosan, poliziak 150 pertsonako talde bat sakabanatu ostean
10 lagunetik gorako taldeak eratu ezin direla kontuan izanda, agenteek lagun taldea sakabanatu zuten. Ondorioz, edukiontziak lurrera bota eta zenbait autoren leihoak apurtu zituzten hainbat lagunek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hainbat edukiontzi bide erdian gurutzatu eta zenbait ibilgailuren leihoak hautsi zituzten Tolosan larunbat gauerdian, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Antonio Lekuona kalean 150 pertsonako lagun talde bat sakabanatu ostean.
Udalak gaitzetsi egin ditu istiluok, eta, nabarmendu duenez, "gisa horretako jarrerek ez dute tokirik egun bizi dugun egoeran". "Elkar errespetatzea eta banaka zein taldean arduraz jokatzea nahitaezkoa da egoera honi aurre egiteko", adierazi dute udal ordezkariek.
Dirudienez, aipatu kaletik bueltaka zebiltzan udaltzainek atzeman zuten 100 pertsonatik gorako lagun taldea, 01:00a aldera.
Ertzaintzari horren berri eman ostean, hainbat agentek taldea sakabanatu zuten, COVID-19aren egoerak eraginda, kalean zein etxean 10 lagunetik gorako bilkurak debekatuta daudela kontuan izanda.
Sakabanaketa gertatu eta gutxira, kale erdian hainbat edukiontzi gurutzatu zituzten, eta, ondorioz, ibilgailuen joan-etorria oztopatu. Gainera, inguru horretan aparkatuta zeuden auto batzuen leihoak hautsi egin zituzten.