Gizartea -
Ipar Euskal Herria
Etxegabe bat hil da Baionan
Igandean aurkitu zuten haren gorpua, turismo bulegoaren ondoan. Heriotza eta Baionako Udalak hartutako neurriak salatzeko elkarretaratzea egingo dute ostegunean.
Euskadi Irratia |Erredakzioa
Igandean emakume etxegabe baten gorpua topatu zuten Baionako (Lapurdi) Euskaldunen plazan, turismo bulegoaren ondoan. Polizia iturrien arabera, berez hil omen zen.
Hain justu, heriotza eta Baionako Udalak hartutako azken neurriak salatzeko elkarretaratzea deitu dute ostegunerako herriko etxean. Jean-Rene Etchegaray hiriko auzapezak neurri sorta onartu zuen duela astebete "herriko bakearen, segurtasunaren eta ordena publikoaren kontrako elkarretaratzeak murrizteko". Hala, Baionako kaleetan ezingo da 08:00etatik 23:00etara luzaroan jarrita edo etzanda egon.
Hainbat elkarte eta eragilek salatu dutenez, etxegabeentzat oso gogorrak dira neurriok, erabat "diskriminatzaileak".