Gizartea -

Koronabirusa

Haurrak eta COVID-19a: Gutxiago kutsatzen dute eta sintoma arinagoak dituzte

Bi pediatrekin hitz egin dugu eta biek "lasaitasuna mezua" helarazi nahi izan dute. Diotenez, "umeak ez dira birusaren kutsatzaile nagusiak".

Haurrak, gehienetan, familia barruan kutsatzen dira. Artxiboko argazkia: EFE
Bi ume, aitarekin, Iruñean.
Haurrak, gehienetan, familia barruan kutsatzen dira. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea Ortiz de U. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zenbait ikerketak iradoki bazuten ere, orain praktikak baieztatu egin du: umeak gutxiago kutsatzen dira, inguruko helduak gutxiago kutsatzen dituzte, eta euren sintomak arinagoak dira, Osakidetzako eta Osasunbideko pediatrek nabarmendu dutenez. "Umeak ez dira birusaren kutsatzaile nagusiak", erantsi dute.

Hiru aste igaro dira ikasturtea hasi zenetik, eta orain arte bildutako datuen arabera, eskolara bueltak ez du aparteko eraginik izan Hego Euskal Herriko egoera epidemiologikoan.

eitb.eus bi pediatrekin izan da COVID-19ak etxeko txikienen artean duen eraginaren berri izateko. Marta Ramos Lehen Arretako pediatra da eta Nafarroako Kudeaketa Klinikoaren eta Jarraipen Asistentzialaren Laguntza Zerbitzuan egiten du lan, eta Javier Benito Gurutzetako Ospitalearen (Bizkaia) Larrialdi Pediatrikoen zerbitzu burua da. Biek ala biek "lasaitasun mezua" helarazi nahi izan dute.

"Gurasoek jakin behar dute koronabirusa askoz arinagoa dela umeengan, eta kasu larriak egotekotan, kasu gehienetan bilakaera ona izaten dute. Ez dira COVID-19agatik larritu behar, ez behintzat gripearekin edo asmarekin arduratzen direna baino gehiago", azaldu du Benitok.

Marta Ramos nafarra ildo beretik mintzatu zaigu: "Umeek koronabirusa hartzen badute normalena da ez konturatzea sintomarik ez dutelako edota sintoma horiek katarro baten modukoak direlako. Ikusi dugu urtebete baino gutxiagoko haurrek sintomak izateko aukera gehiago dituztela, zaurgarriagoak direla. Gauza bera gertatzen da nerabeekin, heldu gazteek beste aukera dituzte sintomak izateko".

Orokorrean, baina, sintomarik gabekoen portzentajea handiagoa da umeen artean. Ramosek emandako datuen arabera, haurren % 40-50 asintomatikoak dira; helduen artean % 10ekoa da portzentaje hori.

Koronabirusak eragindako sintomarik badago, PRC proba

Asintomatikoen kopuru handiak eta sintomatologia arinak zailagoa egiten dute umeen artean gaixotasuna atzematea. Gainera, COVID-19aren sintomak (sukarra, eztula, gastroenteritisa, buruko edo sabelaldeko mina) beste birus batzuek eragindakoen oso antzekoak dira. Protokoloek jasotzen dutenez, koronabirusarekin bateragarria den edozein sintoma izanez gero (berdin dio sukarra badago ala ez), PCR proba egin behar zaio adingabeari.

Horren harira, Javier Benito Gurutzetako Ospitaleko Larrialdi Pediatrikoen zerbitzuburuak aurreikusi duenez, denborak aurrera egin ahala test kopuru hori "doitzen" joango dira, izan ere, bere ustez, "gaur gaurkoz, egin beharko liratekeen testak baino gehiago egiten ari gara umeen artean". 

Kutsatzeak, familia artean

Haurrak zelan kutsatzen diren galdetuta, Benitok eta Ramosek erantzun dute test bidez baieztatuko kasu gehienetan birusak jotako heldu batek kutsatu duela umea, etxean bertan. "Kutsatzeak familia artean gertatzen dira, ez dira horren ohikoak eskolan edo parkean", azpimarratu du Benitok.

Hori horrela, higienea asko zaintzea (eskuak sarritan garbitzea) eta musukoa erabiltzea gomendatu dute. Birusak umeengan sor dezakeen beldurra edo ziurgabetasunaren aurrean, berriz, lasaitasunaren ideia berretsi dute: "Lasai egon behar gara, eta lasaitasun hori transmititu behar dugu".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Medikuak Umeak Koronabirusa Gurasoak