Gizartea -
Koronabirusa
COVID-19agatik ezarritako 101 berrogeialdi kasu kontrolatu ditu Bilboko Udaltzaingoak
Udaltzaingoak 3.665 salaketa jarri ditu Osasun Sailak ezarritako neurriak ez betetzeagatik. Hutsegiterik ohikoena maskara ez erabiltzea da. Horri lotutako 2.678 salaketa jarri dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Udaltzaingoa eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila elkarlanean ari dira COVID-19agatik berrogeialdian egon behar diren kasuen jarraipena egiteko. Horrez gain, koronabirusaren ondorioz ateak itxi behar dituzten establezimenduak kontrolatzeko ardura dute. Ildo horretatik, udaltzainek 101 berrogeialdi kasu kontrolatu dituzte orain arte, Bilbo-Basurtu ESIak eskatuta.
Bilboko Udalak asteazken honetan azaldu duenez, Udaltzaingoak 3.665 salaketa jarri ditu Osasun Sailak ezarritako neurriak ez betetzeagatik. Hutsegiterik ohikoena maskara ez erabiltzea da (2.678 salaketa orain arte). Ondoren, botiloia egitea (354) eta ostalaritzako itxiera-ordutegiak ez betetzea (72) dira salaketa gehien eragin duten hutsegiteak.
Hala, positibo eman duten pertsonak eta horien kontaktuak lokalizatzeaz arduratzen da Bilboko Udaltzaingoa. Gainera, berrogeialdia betetzen ez denean ere esku hartzen du, eta, Osakidetzak adierazten dionean, ixteko aginduak edo ixteko eskaerak jakinarazi behar ditu ostalaritzako lokaletan.
Zehazki, Bilboko Udaltzaingoak gaitza detektatzeko proban positibo emandako 14 pertsona eta positibo eman dutenekin kontaktuan egondako 29 pertsona lokalizatu ditu. Horrez gain, bakartuta egoteko betebeharra bete ez den kasuetan esku hartu du, hain zuzen, lau kasutan, eta ixteko 54 agindu edo eskabide jakinarazi ditu.