Gizartea -

Koronabirusa

Agerraldi asko dituzten hiri handiak konfinatu egingo dituzte

Espainiako Gobernuak mugikortasuna mugatzeko proposatutako baldintzak onartu ditu autonomia erkidegoen gehiengoak. Oraingoz, neurri horrek Madrilgo Erkidegoan soilik izango du eragina.

Salvador Illa Osasun ministroa. Argazkia: EFE
Salvador Illa Osasun ministroa.
Illa: 'Madrilek mugikortsun murrizketak indarrean jarri beharko ditu'

2:13

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

100.000 biztanletik gorako hirietan 500 kasu positibo baino gehiago antzemanez gero mugikortasuna mugatzeko Espainiako Gobernuak egindako proposamena onartu dute autonomia erkidego gehienek, asteazken honetan osasun agintariek egindako bileran.

Salvador Illa Osasun ministroak esan du datozen egunetan publikatuko dutela agindua Estatuko Buletin Ofizialean.  

Hiri handiak konfinatzeko irizpideak Osasun Ministerioak eta Madrilgo Erkidegoko Gobernuak atzo egindako bilera batean adostu zituzten, baina gaur Osasun Publikoaren Batzordean kontra bozkatu du Enrique Ruiz Escudero Madrilgo Osasun kontseilariak. Katalunia, Galizia, Andaluzia, Ceuta eta Murtzia ere egitasmoaren aurka agertu dira.

Edonola ere, Illak azpimarratu du gehiengoak babestu duela plana eta, ondorioz, derrigorrezkoa izango dela betetzea. Halaber, Madrilgo Gobernuak kontra bozkatu izana "ulertezintzat" jo du.

Madrilgo Gobernuak, baina, Osasun Batzordeak onartutako akordioak "balio juridikorik ez" duela ohartarazi du, aho batez hartu ez delako.  

"Espainiako Gobernuak Madrilen esku hartzeko presa handi dauka, eta ez birusari aurre egiteko", esan du Enrique Ruiz Escudero Osasun kontseilariak.

Escuderok azaldu duenez, Osasun Batzordearen araudiak dio aho batez hartutako erabakiak aplikatu behar direla eta kasu honetan ez dela halakorik izan. "PSOE gobernatzen duen erkidegoen babesa soilik izan du eta, beraz, itunak juridikoki ez du baliorik", erantsi du.

Horrez gain, zehaztu du ez dela egia asteartean Osasun Ministerioarekin egindako bitariko bilerarekin Madrilgo Gobernua "pozik" geratu zela. 

Mugikortasuna murriztuta eta ordutegiak eta edukierak mugatuta

100.000 biztanletik gorako hirietan mugikortasuna mugatzeko baldintzak hauek dira: 500 kasu baino gehiago izatea, azken 14 egunetan egindako PCR probetan detektatutako positiboen tasa % 10etik gorakoa izatea; eta autonomia erkidego horretako ospitaleetako zaintza intentsiboetako unitateen % 35 baino gehiago beteta egotea.

Osasun egoera horretan, hiri handiak konfinatu egingo dituzte. Hiriko sarrera-irteerak itxita egongo dira eta funtsezkoak diren eginkizunetarako soilik mugitu ahalko dira herritarrak, besteak beste, lanera, ikastetxetara, osasun zentroetara edo bankura joateko edo adin txikikoak eta laguntza behar duten pertsonak zaintzeko.

Taldean, gehienez, sei pertsona batu ahalko dira, etxean nahiz kalean; eta parkeak itxi egingo dituzte.

Gurtzarako eremuetan edukiera herenera murriztuko dute eta pertsonen arteko segurtasun-tartea 1,5 metrokoa izango da. Aire zabaleko beilatokietan 15 lagun elkartu ahalko dira gehienez; eta leku itxietan, 10. Ehorzketetan, berriz, 15 pertsona bildu daitezke.

Horrez gain, dendak 20:00etarako itxita egon beharko dira. Tabernen kasuan, 22:00etatik aurrera ezingo dute bezerorik hartu eta 23:00etan itxi egin beharko dute. Alabaina, janaria etxera eramateko aukera izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril Osasun albisteak Koronabirusa