Gizartea -
II. Mundu Gerra
Buruzagi nazi historiko bat hil da Donostian
Pablo Simons De Aerschotek 89 urte zituen. Heriotza-zigorra ezarri zioten kontzentrazio eremuetara 2.500 pertsona baino gehiago bidaltzeagatik, baina ihes egin zuen eta ez zuen zigorrik bete.
Erredakzioa
Pablo Simons De Aerschot buruzagi nazi historikoa hil zen ostegunean Donostian 89 urte zituela, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
Pablo Simons De Aerschotek 18 urte zituen Hitlerren Armadarentzat lanean hasi zenean. "Errebolberdun ilehori handia" ezizenaz ezagutzen zuten.
Bigarren Mundu Gerra amaieran atxilotu zuten, Gerra Kontseilu batek heriotza-zigorra ezarri zion kontzentrazio eremuetara 2.500 pertsona baino gehiago bidaltzeagatik, baina Espainiara ihes egin zuen.
Miranda Ebroko atzerritarrentzako eremuan egon zen atxilotuta eta handik Boliviara egin zuen ihes, elizgizon espainiar batek emandako dokumentazio faltsuari esker. Juan Pablo Simons izenarekin berregin zuen bere bizitza Bolivian, eta izen horixe erabili zuen Euskal Herrira etorri eta Donostian bizi ahal izateko, 1964an. 20 urte geroago bere jaioterria bisitatzen hasi zen. Belgikan atxilotu zuten 85 urte zituenean, nazien garaiko erresistentzia izan zen salatu zuena, bere atzetik ibili izan baitira beti, baina delituak preskribatuta zeuden ordurako.
Iragan ostegunean hil zen Donostian 89 urte zituela, lasai eta harrotasun handiz.