Gizartea -
Koronabirusa
Urnietako Udalak zehaztu du COVID-19aren aurkako neurriak betetzea eskatu duela
Herrian hiru positibo detektatuta, funtsezkoak ez diren jarduerak etetea eskatu du goizean, baina arratsaldean kaleratu duen oharrean prebentziorako segurtasun neurriak betetzeko deia egin du soilik.
Agentziak | Erredakzioa
Urnietako Udalak COVID-19aren aurkako segurtasun neurriak betetzeko deia egin die herritarrei, baina ez du funtsezkoak ez diren jarduerak etetea galdegin.
Azken orduetan hiru gazte kutsatu direla baieztatu ostean, funtsezkoak ez diren jarduera guztiak eteteko eta harreman sozialak ahalik gehien murrizteko deia egin du Udalak goizean argitaratutako ohar batean.
"Kutsatzeak hezkuntza eta kirol eremuak partekatzen dituzten gazteen artean eman dira eta herrian kutsatze komunitarioa izateko arriskua dago", azaldu du.
"Ezinbestekoa da positibo eman duten pertsonek eta norbaitekin harreman zuzena izateagatik PCR proba bat egiteko zain daudenek koarentena zorrotz betetzea", erantsi dute.
Hala ere, arratsaldean beste ohar bat kaleratu du Udalak eta mezu horretan prebentzio eta segurtasun neurri orokorrak (musukoa erabiltzea, eskuak sarritan garbitzea, segurtasun-tartea mantentze eta jende pilaketak ekiditea) betetzeko deia soilik egin dute.
Osakidetzaren buletin epidemiologikoaren arabera, ostegunean COVID-19 kasu bat atzeman zuten Urnietan, asteazkenean sei eta asteartean bat, 100.000 biztanleko 193,86 kasuko tasarekin.