Gizartea -

Ertzaintza

Bederatzi atxilotu Donostian, agiriak faltsutzea egotzita

Ertzaintzak operazioa Maria Cristina hotelean eraman du aurrera. Pasaporte diplomatiko estatubatuar faltsu batekin erregistratu zen pertsona bat antzeman dute.

Donostiako Maria Cristina hotela. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Donostiako Maria Cristina hotela. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Bederatzi atxilotu Donostiako Maria Cristina hotelean, agiriak faltsutzea egotzita

1:51

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legez kanpoko agiriak saltzen eta faltsutzen zituen sare bat desegin du Ertzaintzak Donostian. Bederatzi pertsona atxilotu dituzte operazioan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Operazioa iragan ostegunean abiatu zuten, baina oraindik zabalik dago. Hiru atxiloturi legez kanpoko agiriak prestatzea eta banatzea leporatu diete.

Ertzaintzak operazioa Maria Cristina hotelean eraman zuen aurrera. Ustez pasaporte diplomatiko estatubatuar faltsu batekin erregistratu zen pertsona bat antzeman zuten; gainera, bilera areto bat kontratatu zuen.

Ertzaintzaren zenbait patruila bertaratu ziren, eta aretoan zeuden pertsonak identifikatu zituen, baita lehenago aretotik atera zirenak ere.

Agirien salerosketa

Gainera, ertzainek badaezpada miaketa egin zuten, pertsonen arropetan zein aretoan bilatuz. Ustezko agiri faltsu ugari eta diru kopuru esanguratsua atzeman zuten miaketan, antza denez, agirien salerosketarekin lotuta.

Konkretuki, Europa erdialdeko herrialde baten pasaporte, gidabaimen eta nortasun agiri nazional bat atzeman zituzten, guztiak hirukoiztuta. Era berean, hoteleko aretoaren alboan zegoen logela bat miatu zuten ertzainek. Arma bat eta munizioa aurkitu zituzten bertan.

Agiriez gain, inplikatuei dirua kendu zieten ertzainek, 600 eta 8.000 euro artean. Dirudienez, artikulu faltsu horiek erosteko erabili behar zuten dirua.

Ustez inplikatuek lehen hartu emana aurretik izan zuten, eta enkarguagatik ordaindu zuten dagoeneko, baina operazioaren egunean salerosketa amaitzeko asmoa zuten.

Zortzi gizon eta emakume bat

28 eta 50 urte arteko bederatzi atxilotuak, zortzi gizon eta emakume bat, ertzain-etxera eraman zituzten ikerbidea abiatzeko.

Ertzaintzak ikerketarekin aurrera jarraitzen du, eta atzemandako agiri guztiak Polizia Zientifikoaren esku utziko ditu.

Atxilotuak epailearen esku geratu dira igande honetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ertzaintza Gipuzkoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak