Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Katalunian taberna eta jatetxeak itxiko dituzte eta Asturias 2 Fasera itzuli da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Asturiasko Gobernuak 15 egunez etxean geratzeko eskatu die herritarrei.

2:14
Koronabirusa Katalunian. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Procicat Babes Zibileko Larrialdi Planaren Batzordeak asteazken honetan onartu du Kataluniako taberna eta jatetxe guztiak 15 egunez ixtea, merkataritza guneen edukiera % 30 murriztea eta gimnasioetakoa % 50, COVID-19aren pandemia geldiarazteko.

Kataluniako Gobernuak 13:30erako deitu duen prentsaurrekoan eman dute neurri berrien berri. Aipatutakoak ez ezik, neurri gehiago ere hartuko dituzte, besteak beste, bi astez unibertsitateetan aurrez aurreko eskolarik ez egotea eta kirol lehiaketak bertan behera uztea.

Katalunian COVID-19aren kutsatzeek nabarmen egin dute gora azken 24 orduetan; 1.620 kutsatze berri izan dira, eta 23 hildako zenbatu eta 40 pertsona ospitaleratu dituzte, egun bakarrean. Beraz, 1.024 dira guztira COVID-19ak jota ospitalean dauden gaixoak; horietako 189 zainketa intentsiboen unitatean (atzo baino 17 gehiago).

Pere Aragones jarduneko presidenteak iragarri ditu neurriok, eta zehaztu du ostegunetik ostiralera doan gauean jarriko dituztela indarrean. Aurretik, baina, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi beharko ditu.

Hala, tabernek eta jatetxeek etxez etxeko zerbitzua soilik eman ahalko dute.

Asturias, 2 Fasean

Bestalde, Adrian Barbon Asturiasko presidenteak iragarri du erkidegoa 2 Fasera itzuliko dela, baina egungo egoerara moldatuta.

Horren ildotik, 15 egunez etxean geratzeko eta kontaktu sozialak saihesteko eskatu die herritarrei.

Era berean, ostalaritza lokaletan ezingo da barran kontsumitu, eta Asturiasko Gobernuak alkohol salmenta debekatu du dendetan eta gasolindegietan 22:00etatik aurrera.

Halaber, ezkontzak eta bestelako ospakizunak atzeratzea gomendatu du, eta unibertsitateetan hezkuntza telematikoa erabiltzea aholkatu du.

Oraingoz, Asturiasko Gobernuak ez ditu tabernak eta jatetxeak itxiko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena