Gizartea -

Lan karga txikiagatik

Sestaoko ontziolak lan erregulazioko beste txosten bat aurkeztu du

2010eko apiriletik aurkeztu duten laugarren txostena da. Oraingo honek 30 eta 142 langile artean hartuko ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko La Naval ontziolak lan erregulazioko beste txosten bat aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzaren aurrean, bederatzi hilabeteko epean, 2012ko azaroaren 1etik uztailera arte, kontratuak eteteko, lantegian lan karga gutxi dago eta.

Enpresatik jakitera eman dutenez, proposatutako lan erregulazioko txostenak 30 eta 142 langile artean hartuko ditu.

Halaber, Europar Batasunak ontzigintza sektoreari emandako pizgarrien sistema ("tax lease") geldiarazteak ekarri du lan falta hori eta horren eraginez aurkeztu behar izan du La Navalek lan erregulazioko txostena. Erregulazioa, dena dela, lehenago buka liteke, irtenbideren bat iritsiz gero.

"Tax lease" sistema ekainera arte erabili dute, eta Europar Batasunak geldiarazi du, Herbehereek eskatuta. Hobari fiskal jakin batzuk ematen zizkien ontzi bat eraikitzeko proiektuaren finantzaketan dauden sektore guztiei, baina legez kanpokotzat hartu dute orain.

2010eko apiriletik Bizkaiko enpresak aurkeztutako lan erregulazioko laugarren txostena da hau, kontratuak denboraldi baterako etengo dituena. Duela gutxi beste denboraldi baterako beste erregulazio bat izan dute, eta 119 langile irten dira enpresatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea