Gizartea -
Nafarroa
Gidari bat hil da N-121-A errepidean, Almandozen, kamioi baten aurka talka eginda
Autoaren gidaria, adingabea antza, bertan hil da. Ibilgailuan 19 urteko neska gazte bat ere zihoan; zainketa intentsiboetako unitatean dago, larri.
Agentziak | Erredakzioa
Auto baten gidaria hil da asteazken honetan N-121-A errepidean, Almandozen, kamioi baten aurka talka eginda, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Guardia Zibilak lortu duen ahozko identifikazioaren arabera (identifikazio osoa lortzeko lanean ari da), 2002ko azaroan Guatemalan jaiotako adingabe bat da, beraz, oraindik ez zituen 18 urte beteta, eta ez zuen Espainiako gidabaimenik. Hala ere, Guatemalan emandako baimenik ba ote zuen baieztatu nahian ari dira, eta, baieztatuz gero, arau-hauste baten aurrean egotea eragingo luke, eta ez delitu baten aurrean, Guardia Zibilak azaldu duenez.
Istripua 13:23an jazo da, 36. kilometroan, Iruñerako noranzkoan, eta autoaren gidaria bertan hil da.
Halaber, ibilgailuan 19 urteko neska bat zihoan, kopilotu gisa, eta Nafarroako Ospitale Guneko zainketa intentsiboetako unitatera eraman dute, larri zaurituta.
Gorpua erabat identifikatzeko ikerketa abiatu du Guardia Zibilaren Nafarroako Trafikoko Unitateak.