Gizartea -

"Hamaika 11n"

Tafalla euskaltzalez lepo izan da, Nafarroa Oinezen aurtengo edizioan

Antolatzaileek leen balorazio bat egin dute: "aurreikuspen guztiak eta gehiago bete dira", esan dute Garces de los Fayos ikastolako arduradunek.

EITB.COM
Milaka lagun bildu dira Tafallan Nafarroa Oinez 2011n

02:01

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako ikastola pribatuek antolatzen duten Nafarroa Oinezen XXXI. edizioa ospatu dute Tafallan, 10:00etatik aurrera. Lehenengo ordutik milaka euskaltzale bildu dira bertan euskararen aldeko jaiaz disfrutatzeko asmoz. Festa honetan lortutako diruarekin Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eraikin berri bat egingo dute.

Nafarroa Oinez 2011ko antolatzaileek, Tafallako Garces de los Fayos ikastolakoak, adierazi dutenez "aurreikuspen guztiak eta gehiago" bete dituzte jardunaldi honetan.

Urte osoan egindako lana eta jasotako laguntza eta babesa goratu ondoren, ikastolakoak "pozik" agertu dira emaitzak ikusita.

Komunikatu batean zabaldu dutenez, "milaka eta milaka pertsona" bildu dira "Nafarroako eta Euskal Herriko leku guztietatik etorrita Garces de los Fayos ikastolaren handitze proiektua babesteko eta lurralde honen etorkizuna euskaraz idatziko dela esateko".

Pello Mariñelarena Nafarroako Ikastolen Federazioko zuzendariak informatu duenez, eraikin berriak 3 milioi euroko kostua izango du, baina beharrezkoa ikusten du oraingo instalazioek ez dituztelako gaur egun ikasten ari diren 394 ikasleek beharizanak asetzen.

2.000 boluntario lanean

Aurtengo edizio honen antolaketan 2.000 boluntariok egin dute lan, eta lan horren erakusle 5.200 metro karratuko bost guneak dira.  Eremu horietako batean 600 pertsonek sagardotegiko bazkari herrikoia bazkaldu dute, eta beste 550 pertsonek paella erraldoi bat.

Tafallako inguruan dauden mendien izenez izendatutako gune horietan, folk euskaldun jaialdi bat, umeentzako aktibitateak eta rockaren maitaleentzako kontzertuak ospatu dituzte.

PSN, Bildu, NaBai, Izquierda-Ezkerra eta Geroa Baieko buruzagiak ere izan dira bertan, baita Nafarroako Gobernuko presidenteordea ere, Roberto Jimenez, Tafallako alkatea, Cristina Sota eta Arartekoa, Javier Eneriz.

Tafallarako sarbidea errazteko asmoz, Renfek tren zerbitzu berezia antolatu du, eta Irun, Gasteiz eta Tuteratik  trenak jarri dituzte. Horrez gain autobus zerbitzuak ez du etenik izan egun osoan zehar.

Pello Mariñelarenak eraikitako guzti horren garrantzia nabarmendu du: "ez balitz herri ekimen hauei esker, ezinezkoa izango litzateke euskaraz ikasteko dagoen eskariari aurre egitea, batez ere eremu ez euskaldunak deitzen diren guneetan".

Eguerdian omenaldi ekitaldia egin dute, aurtengoan AEK Tafallaldea eta Herri Kiroletako Nafarroako Federazioa omendu dituzte. Gainera, datorren urtean Nafarroa Oinez festa hartuko duen ikastolari pasa diote testigua, Iruñeako San Fermin ikastolari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea